Arabako Aldundiak Sorturen Neguko Unibertsitateko mahai ingurua debekatu du

hirinet 2015ko ots. 6a, 01:00

Datorren astelehenean Sorturen Iratzar Fundazioak aurreikusita zuen mahai ingurua zentsuratu du Arabako Foru Aldundiak. Ignacio Aldekoa Kultur Etxeak hartu behar zuen “Cuando la brújula mira al sur, experiencias de emancipación en America Latina” izenburuko solasaldia. Raul Zelik, Alemaniako irakaslea eta analista; Yolanda Rojas, Venezuelako Kontsula Bilbon, eta Luis Mi Uharte, EHU-ko irakaslea eta analista ziren hizlariak.

 

Aitzitik, gaur bertan, mahai ingurua bertan behera geratzen zela jakinarazi diete telefonoz. Iratzar Fundazioak salatu duenez, kultur etxeko aretoa erabiltzeko baldintza guztiak bete dituzte.

 

Ohar batean azaldu moduan, abenduaren 11n erreserbaren baimena jaso zuten. ‘Neguko Unibertsitatea iragartzeko euskarri guztietan Diputazioaren logoa agertu da, laguntzaile gisa, horrela zehaztuta dagoelako. Urtarrilaren 23an behin betiko programa bidali eta gero, aretoa erabiltzeko baieztapena jaso zuen Fundazioak eta Aretoaren agendan sartuko zutela esan zuten Ignacio Aldecoa Kultur Etxetik’.

 

Iratzar Fundazioaren ustez, Alderdi Popularrak hartutako ‘erabaki politiko hutsa’ izan da eta Arabako Foru Aldundiaren jarrera salatu ez ezik, adierazpen eta iritzi askatasuna ere aldarrikatu du. ‘Hau ikusita, Iratzar Fundazioaren iritziz, gero eta beharrezkoagoa da mahai inguruarekin aurrea egitea. Horregatik, beste areto bat hartu dugu’. 

 

Hori dela eta, Artiumek hartuko du datorren asteleheneko mahai ingurua. Arratsaldeko 19.00etan hasiko da eta Yolanda Rojas, Raúl Zelik eta Luis Mi Uharte egongo dira.

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago