Ruben Rodriguez Bizikleteroak elkarteko bozeramailearekin mintzatu gara.
Aste honetan gogotik egin du elurra. Nahikoa prest dago Gasteiz egoera hauetan bizikletaz mugitu ahal izateko?
Gaur egun, bidegorriak ez dira espaloiak edo errepideak bezainbeste garbitzen. Errepideak dira beti garbitzen duten lehena eta, tamalez, batzuetan elur tontorrak bidegorrietan uzten dituzte. eskandinaviarrak ohituta daude elurrarekin mugitzera eta, hemen ere, eguraldira moldatu beharko ginateke. Egia esan, bizikleta hartzera ohituta gaudenontzat eguraldia ez da traba: euria ari badu, kapa jartzen dugu; elurra ari badu, arropa egokia...
Uste duzu, orduan, Udalak bizikletak ahazten dituela?
Bai, kotxeak lehenestu eta bizikletak ahazten ditu elurteetan, neurri handi batean. Segur aski, badakielako kexa gehienak auto pilaketek eragingo dituztela. Agian uste dute elurrarekin jendeak ez duela bizikleta hartzen, baina hori ez da hala; hiritar askoren ohiko garraioa bizikleta da. Oinezkoekin gauza bera gertatzen da: gehienetan, espaloiak errepideak eta gero garbitzen dituzte.
Zer neurri eskatzen dituzue?
Ordenantzak esaten duena aintzat hartu beharko luke Udalak: bizikleta lehentasunezko ibilgailu gisa kontuan izan, hain zuzen. Tamalez, oraindik ere kotxeei ematen zaie lehentasuna, eta hori aldatu behar da. Adibide bat jartzearren: bizikletek zein kotxeek erabili ditzaketen 30 kilometro orduko erraietan, Udalak ez zituen elementu bereizgailuak jarri, garbitzeko errazagoak izan zitezen; eta, hala ere, behin baino gehiagotan elur-kentzeko makinek errepide osoa garbitu dute, errai horiek izan ezik. Horrek agerian uzten du bizikleta oraindik aisialdirako zerbait bezala ikusten dela.
Garbiketak garbiketa, elurra ari duenean bizikleta hartzea ohi baino arriskutsuagoa da. Zer gomendio emango zenizkieke txirrindulariei?
Arreta handia jartzeko, norabide aldaketak seinalatzeko, gainerako ibilgailuen mugimenduak aurreikusteko, kotxeen kristalak lausotuta daudela kontuan hartzeko… eta ikuspena murriztu dezakeen txanorik ez erabiltzeko.
Ba al dago bereziki konplikatua den punturen bat?
Egon da puntu gatazkatsuren bat, adibidez Etxezarra kalean. Bertan, elurrak dena estali du, baita elementu bereizgailuak ere. Kotxe gidariek eta txirrindulariek ez dituzte elementu horiek ikusten, ezta elur-kentzeko makinek ere, eta ondorioz ezin dira garbiketa egitera sartu, edo, sartzen badira, bereizgailuak apurtzen dituzte...
Ez da oso ohikoa bidegorrien egoeraz informatzea...
Hala da. Atzo, Radio Vitorian garraio publikoaren eta bidegorrien egoerari buruzko datuak eman zituzten, eta horrek asko poztu ninduen. Ohikoagoa izan beharko litzateke. Egunero informatzen gaituzte errepideen egoeraz. Zergatik ez sare ziklista eta garraio publikoaren inguruan? Orokorrean, ez da arazo handirik egoten, eta horrexegatik beragatik ondo legoke egunero horietaz informatzea: hiritarrak konturatu gaitezen kotxea baino hobeto funtzionatzen dutela.
Egilea: Itsaso Estarrona, Arabako ALEA