Diote eta diote.
Bada, seko zoratuta egongo naiz igual, baina, aukeran, biak nahi ditut nik: nahi dut gripea sendatuko didan mediku euskaldun bat, eta nahi dut neurri gizatiarrak hartuko dituen gobernu parekide bat.
“Baina dena ezin da”, diote, orduan, ezinaren eta ahalaren neurgailuaren jabeek.
Beraiek erabakitzen baitute zer den helburu eta zer utopia; zer den galera tamalgarri eta zer den zehar-kalte; zer den oinarrizko eta zer sakrifikagarri. Iraultzaile bulartsuak izaten dira ia beti: mundua (beti beren erara) aldatu nahi duten pertsona ideia argikoak, lehentasun-ezarle iaioak, munduaren beraren latza aitzakiatzat hartzen dutenak aldatu nahi ez dituzten gauza guztiei bere hartan eusteko. “Mundua gogorra da, eta ezin da dena batera aldatu”. Halaxe azpiratzen dituzte, geroko gero zoro baina ederki kontrolatu baten bidez, betiko borroka eta aldarri azkenputzak. Halaxe dabiltza beti, ekin eta ekin, botere hegemoniko jakin batzuen kontra dauden boteretsu hegemonikoak, gauzen ordena naturalaren aitzakian.
Izan ere, boterea botere da bere burua naturaltzen duelako; bera ez den guztia indar zentrifugoz urruntzen duelako ardatzetik (hots, lehentasunetatik), natural-natural noski. Hala, ematen du euskara berez dagoela bizimodu eta zerbitzu publikoetatik at, emakumeak gizarte-eremu batzuetatik at dauden bezalaxe. Berez, magiaz, biologiaren apetaz, misterio hutsez dira enpresetako eta munduko agintari goren gehienak gizon (edo, ikuspegia zein den, emakumeen berezko anbizio edo/eta gaitasun faltagatik). Eta euskara ere, jakina, berez da hizkuntza txikia, eta ez, inondik inora, inork txikitu duelako.
“Mediku euskalduna edo mediku ona?”. “Gobernu parekidea edo gobernu ona?”. Gaizki planteatutako galderak biak. Adjektibo jakin batzuk bateraezintzeko trikimailu tranpatiak. Kontua ez baita bata edo bestea; kontua baita ea ona posible den beste biak gabe.