Izan ere, joan den mendeko 80ko hamarkadan zenbait gizarte eta kultura esparrutan bizi izandako transgresioari begirada bat da. Guztira, garai horretako musikarekin, modarekin, artearekin, zinemarekin eta trantsizio politikoarekin zerikusia duten 1.000 pieza inguru ikusteko parada izango du bisitariak.
Martxoaren 1era arte zabalik egongo den erakusketaren izenburuak Tejero koronelak Diputatuen Kongresuan 1981eko otsailaren 23ko estatu-kolpe huts egindako hartan bota zuen esaldi zoritxarrez ospetsu hura berreskuratzen du. Agindu horrekin herrialde osoa gerarazi nahi zen; alabaina, kontrako efektua lortu zen: une horretatik aurrera historiako mugimendu kontrakulturalik handiena sortu zen. Musikariak, artista plastikoak, moda-diseinatzaileak, argazkilariak, zinema-munduko jendea, idazleak, kazetariak eta aktoreak izan ziren mugimendu hartako partaide, bat-batean, inork zuzenduak izan barik eta guztiek elkarri eraginez.
Orain Vital Kutxa Fundazioa aretoak espiritu urratzaile hura berreskuratu du, Fernando Martínez de Viñasprek diseinatutako eta beraren ardurapeko erakusketa baten bitartez. Elementuak zazpi bloke desberdinetan daude banatuta orduko sasoi hartako protagonistei gorazarre eginez.
Horrela, musika sailean, LPen bilduma aparta eta jatorrizkoak, garai haietako artista zenbaiten jantziak, musika-tresnak, singleak, bideoklipak, kartelak nahiz sarrerak topatuko ditugu, baita garai hartako kazetari, musikari eta musika-talde zenbaiten piezak, besteak beste, honako hauenak: Mikel Erentxun, Alaska, Tino Casal, Fabio McNamara, Jaime Urrutia eta Jesús Ordovás, Hertzainak edo Potato taldea.
Modaren txokoan, esaterako, 80ko hamarkada hartako modak ekarri zuen inflexioa ikus daiteke. Une hartan plazaratu zen diseinatzaile-belaunaldi hark gerora karrera oparoa garatuko zuen sektore horretan; haietako batzuk izan ziren: Francis Montesinos, Manuel Piña, Jesús del Pozo, Ágatha Ruiz de la Prada, Sybilla edo Modesto Lomba gasteiztarra. Madrileko Museo del Trajerekin elkarlanean, erakusketak modagile-belaunaldi haren hamalau pieza oso dauzka ikusgai, baita zenbait osagarri, jantzi-marrazki eta jantzi-zirriborro ere. Alberto García Alix argazkilariak egindako irudi batzuek ixten dute erakusketaren atal hau.
Arte-sorkuntzari dagokionez, aurreko hamarkadatik nabarmentzen hasita zeuden zenbait artista sendotzeaz gain, hainbat arlo desberdinetatiko beste asko agertu ziren: Ouka Leele, El Hortelano, Costus, Miguel Trillo, Cristian Domecq, Pablo Sycet, Pablo Pérez Minguez, Miquél Barceló nahiz Javier Mariscal, besteak beste; denek dute euren lekua Vital Kutxaren Gizarte Ekintzaren gunean, non halaber gogoratzen baita, Gerardo Armesto, Miguel González de San Román edo Rafa Lafuenteren eskutik, Gasteizen bizi izan zen loratze hura.
Ibilbide horretan ezin falta zazpigarren artea. Pedro Almodóvar, Fernando Colomo edo Fernando Truebarekin batera agertokian daude Montxo Armendariz edo Imanol Uribe. Jatorrizko gidoiak, jatorrizko kartelak edo storyboardak daude ikusgai.
Erakusketak kirola ere ekarri du oroitzapen kolektibora eta adibidez, Indurainek Espainiako Vueltan lortu zituen lehenengo garaipenak edo Perico Delgadok irabazitako Frantziako Tourra daude, besteak beste.
Beste atal batek aldaketa politiko-sozialak hartu ditu ardatz eta EFE agentziak lagatako 25 argazkiren bitartez, erakusketak hamarraldi horretako unerik adierazgarrienetara garamatza.
Azken atala,‘Ganbara’, herri-kultura dakarkigu, eta bertan edozein familiaren bizipenen berri ematen diguten eta garai batzuk markatu zituzten etxe-gauzaki haietako batzuk erakusten zaizkigu: koloretako lehenengo telebistak, telesail, bideo-jolasak; telefonoak; arropa; posterrak, fanzine-bildumak…
Gainera, Autobuses Alegria enpresa dela babesle, erakusketak jatorrizko‘auto fantastikoa’ ere ekarri du, orduko telesail ospetsu hura filmatzeko baliatu zen ber-bera.
Non? Vital Kutxa Fundazioa, Postas kalea
Martxoaren 1era bitartean
Ordutegia: 18:00etatik 20:30era (lanegunetan) eta 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era (igande eta jaiegunetan)