Juan Calparsoro fiskal nagusia buru duen EAEko Fiskaltzen batzarrak prentsa ohar batean jakinarazi bezala, "aho batez" erabaki du Justizia Auzitegi Nagusira jotzea eta salaketa datorren astean jarriko dutela gaineratu dute.
PSE-EEko legebiltzarkideak 1992-2012 urteen artean haren jabe den Escoiba enpresarekin egin ez zituen lan batzuengatik kobratu zuela salatu eta ikerketa abiatu zuen EAEko Auzitegi Nagusiaren fiskalak. Eledun sozialistak iruzurra egin eta dokumentuak faltsutu ote zituen ebazteko ikerketari ekin zion orduan Juan Calparsoro fiskalburuak. Era anonimoan heldutako salaketa bat izan zuen oinarri ikerketak. Salaketaren arabera, PSEk Araban duen hainbat egoitzaren segurtasuna bermatzeko lanak egin zituen, eta lanok egiteko Espainiako Barne Ministerioaren laguntzak erabili zituen alderdi sozialistak. Prietok, bere aldetik, salatu dituzten gertakari guztiak "argitu eta justifikatu" daitezkeela azaldu zuen salaketa abiatu zenean. "Segurtasun eta konfiantza" arrazoiengatik besteak beste Escoiba enpresa kontratatzea erabaki zutela argudiatu zuen sozialisten buruak: "Ez litzateke oso zentzuzkoa izango konfiantzazkoa ez zen enpresa bat kontratatzea lan horiek egiteko".