Atariak jarduera ugari antolatu ditu aste honetarako, Hezeguneen Nazioarteko Eguna ospatzeko

hirinet 2015ko ots. 3a, 01:00

Gaur, otsailaren 2an, Hezeguneen Nazioarteko Eguna ospatzen da, hori dela eta, Atariak aste osorako programazioa antolatu du.

 Jarduera hauek otsailaren 1etik 8ra bitartean egingo dira, “Hezeguneak gure etorkizunerako bat egin gurekin!” lemapean eta hauen guztien helburua gizartean hezeguneen balioez eta onurez dagoen sentsibilitatea areagotzea da.

 

Hauek dira Hezeguneen Mundu Egunarekin lotutako egitarauan  antolatu dituzten jarduerak:

 

1. Umeentzako jarduera autogidatuak hezeguneen mundu eguna ospatzeko

Gazteei aukera ematen zaie Atarira joan eta ekosistema hauek kontserbatzeari buruz sentsibilizatzeko jarduera ludiko batean parte hartzeko.

Non? Atarian

Noiz? otsailaren 1a, igandea, 11:00 – 14:00.

Nori zuzendua:  6 eta 12 urte bitarteko haurrak

 

2. Hiri ekologiaren gela. Hitzaldia

BADINA DE ESCUDERAKO AINTZIRA. Antonio Vilches, Biologia doktorea eta Aranzadiko Eraztunketa Bulegoko eraztun jartzailea

LIFE Tremedal proiektua, gure hezeguneak kontserbatzeko, Javier Pérez, HAZI Fundazioa.

LIFE Tremedal proiektuan Jaizkibel eta Usabelartzan egiten ari diren jardueren jarraipena. Patxi Heras, Arabako Natur Zientzien Museoko ikertzailea.

Non? Atarian

Noiz? otsailaren 5ean, osteguna, 19:00 – 20:30.

Nori zuzendua:  herritar oro.

 

3. Baso-igel jauzkaria Salburuan. Bisita gidatua

Faunari behatzea gustuko baduzu, eta horretaz ikasten gozatzen baduzu, ezin duzu galdu gaueko abentura hau. Senideekin edo lagunekin batera, Salburuko parkeko espezie adierazgarrienetako bat hobeto ezagutzeko bisita gidatuaz gozatu ahalko duzu: baso-igel jauzkaria.

Non? Atarian

Noiz? Otsailaren 6an (ostirala) eta 7an (larunbata), 19:00 – 20:30

Nori zuzendua: Herritar oro.

Prezioa: abonatu gabeak: 3,01 € – abonatuak: 1,81 €.

 

4. Birziklatu sortuz eta sortu birziklatuz. Tailerra

 

Plastikoaren aro berri honetan, ohikoa da gauzak erabili eta botatzea; Atarian, ordea, beste aukera bat eman nahi diete behin erabili eta botatzeko diren material horiei, gustukoen duguna bihurtuz, hau da, Salburuan bizi diren izaki xarmantak: karramarroak, marigorringoak, perretxikoak, dortokak, sorgin-orratzak, erleak… Familiarekin batera inguruan dugun biodibertsitateaz ikasteko modu dibertigarria da, sortzen ditugun hondakinetako batzuk baliatuz.

Non? Atarian

Noiz: otsailaren 7a, larunbata, 17:00 – 18:30.

Nori zuzendua: 5 eta 10 urte bitarteko haurrak

Sarrera librea, lekua bete arte

 

5. Identifika itzazu Salburuko uretako hegazti negutiarrak. Bisita.

Salburua bertako hegaztien balio ekologiko handiarengatik bereizten da, batez ere aintziretan dabiltzan hegazti populazioengatik. Aukera paregabea duzu parkean barrena ibili eta behatokiak aditu batekin batera bisitatu eta negua bertan igarotzen duten espezieak ezagutzeko: antzarak, ipar ahateak, ahate buztanluzeak, ahate mokozabalak, ahate txistukariak, murgilari europarrak…

Non? Atarian

Noiz? Otsailaren 8an, osteguna, 11:00 – 13:00.

Nori zuzendua: herritar oro.

 

Informazio gehiago: Ataria Hezeguneen Interpretaziorako Zentroa

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago