Ur biltegia Gasteiz Antzokia eraikitzeko leku aproposa ez dela dio Santa Maria katedrala fundazioaren txosten batek

hirinet 2015ko urt. 30a, 01:00

Ur-biltegia Gasteiz Antzokia eraikitzeko leku aproposa ez dela dio Santa Maria katedrala fundazioaren txosten batekDuela zazpi urte Gasteiz Antzokiko proiektua Udalaren agendara iritsi zenetik, dantzan egon da egitasmoaren kokalekua.

 

Espainia bankua aukeratu zuten lehenengo. Guridi zinema ohiak, ondoren. Eta, azkenik, alde zaharreko ur biltegia. Orain, Santa Maria Katedrala fundazioak argitaratu duen txosten batek dio gordailua ez dela Antzokia eraikitzeko leku aproposa.

Leandro Camara arkitektoak sinatutako dokumentuaren arabera, ur gordailuaren gainean kontzertuetarako ekipamedu berri bat altxatzeak kalte egin liezaioke kultura ondare gisa sailkatuta dagoen XIX. mendeko eraikin honi.

Horrez gain, alde zaharreko monumentu-paisaian ere eragin txarra izan zezakeela dio txostenak.

 

Falerinan edo Etxaurin

Beste bi toki proposatzen ditu Fundazioak. Batetik, Falerina lorategia, "Udalarena delako, eta Euskararen Etxea kokatuta dagoen Montehermoso jauregiarekin konektatuta dagoelako". Bigarren alternatiba gisa, ur biltegiaren ondoko Etxauri plazan dagoen parkinga planteatzen du arkitektoak. Gaineratu duenez, gordailuaren gainean eraikin berri bat altxatzeko Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Aldundiaren baimenak beharko lirateke, babestutako ondarea delako.

Gasteiz Antzokiaren kokapena beste behin ere airean dagoela ikusita, oposizioak azalpenak eskatu zizkion asteartean Miguel Garnica hirigintza zinegotziari. Ordezkari popularrak zehaztu zuenez, Udala, Fundazioa eta EHU-ren arteko hitzarmen berri bat baliatuko dute orain, 38.250 eurokoa, ekipamendua non kokatu aztertzeko. Horrek, noski, aretoa irekitzeko data gehiago atzeratu dezake.

Oraingoz, proiektuaren lehenengo fasea abiatu da, Oihaneder Euskararen Etxea, hain zuzen. Gasteiz Antzokiaren aldeko plataforma lehenengo urrats horrekin pozik baldin badago ere, behin baino gehiagotan ohartarazi du sorkuntzarako, Formaziorako eta harreman sareak trinkotzeko gune gisa jaio den Euskararen Etxearekin batera, Kafe Antzokia bera martxan jarri behar dela, kontzertu gunea eta ostalaritza zerbitzuarekin, kulturaren erakusleiho eta motor ekonomiko gisa.

Horretarako, "borondate politikoa" aldarrikatu dute. Aldaketarik ezean, Udalak galdu egingo ditu Europako Urban planaren bitartez Antzokia eraikitzeko baliatu zitzakeen 2,4 milioi euroak. Egoera horren aurrean, ezohiko agerpena egingo du hirigintza zinegotziak EAJ-k hala eskatuta, diru horrekin zer gertatuko den argitzeko eta PP-k Gasteiz Antzokirako proposatzen duen kokaleku berria ezagutzeko.

 

Egilea: Itsaso Estarrona, Arabako Alea

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago