Horregatik, aurtengo edizioa Oiongo San Bizente ikastolak antolatuko badu ere, Gasteizen egingo du ospakizuna, ekainaren 14an, Piztu euskara lelopean. Hiru txoko aukeratu dituzte horretarako. Mendizorrotzan egingo dute irekiera ekitaldia, eta bertako atletismo pistetan Erronka jokoa burutuko dute, ikasle, irakasle, guraso eta gazteen parte hartzearekin. Eusko Label produktuak ere eskainiko dituzte txoko horretan. Gertu, Prado parkean, familientzako egitaraua eskainiko dute, jolasak, tonbola eta material salmenta barne. Gunerik jendetsuena, txosnak eta kontzertuen agertokia egongo diren lekua, Armentia izango da. Parte hartze handia espero dute. Horregatik, auto pilaketak saihesteko, aparkatzeko tokiak prestatuko dituzte. Horrez gain, euskaltzaleak garraio publikoan mugitzea errazteko, Gasteizko Tuvisa enpresak 2,4 eta 8 lineak indartuko ditu.