Izan ere, Euskal Meteorologia Agentziak elurra egiteko aukera larunbat gauera eta igande goizera mugatu du Araban. Bitartean, euria izango da nagusi. Elurrak sor ditzazkeen arazoei aurre egiteko prest daude Arabako Foru Aldundia zein Gasteizko udala. Lehenengoak, bertan behera utzi ditu eskola kiroleko jarduera guztiak, biharko, urtarrilak 31, 17:00etatik aurrera, iragarritako eguraldi txarra dela eta. Horrez gain, Arabako errepide saretik elurra kentzeko 100 makina prest ditu. Momentu oro, errepide sarearen egoera kontsultatzeko zerbitzua eskaintzen du www.alava.net web gunean edo 945217272 telefono zenbakian.
Gasteizko udalak, bere aldetik, bihar arratsaldeko 18.00etatik aurrera aktibatuko du elurrari aurre egiteko aurre-emergentzia plana eta prest izango ditu 46 makina. Horrez gain, hiritarrak informatuta mantenduko ditu sare sozialen bitartez: Twitterren @VG_elurranieve kontuan eta Facebooken Elurra Vitoria-Gasteizen orrialdean.
Euskalmet-en iragarpenaren arabera, larunbatean euria ez da hain ugaria izango. Ipar-mendebaldeko haizeak zakar joko du , tenperatura jaitsi egingo da eta berarekin, elur-kotak ere behera egingo du: goizaldean 1000 metrora egongo da, arratsaldean 600 metro inguruan eta egunaren amaieran 300-400 metrora, baina 100-200 m-ra ere elurra bota dezake ekaitz-eremuetan.
Igandean, elur-kota 300-400 metro inguruan egongo da, baina goizean, zenbait lekutan 100-200 metrora zuritu dezake eta Arabako hainbat lekutan 60 zentimetro eror daitezkela aurreikusten da; Gasteizen, esaterako, 30 zentimetro. Tenperatura ere jaitsi egingo da eta gauean, elurra 500-600 m-tik gora baino ez du botako.
Informazio gehiago: Euskalmet