Aurtengo gaia IKTak eta Ekologia izango da. Asteroko internet bidezko probetan puntuazio gehien batzen dituzten taldeak pasako dira Ekogunean burutuko de lehiaketako finalera. Saria euskararen aldeko proiektu baterako 3.000 euroko laguntza izango da.
Lehiaketa bi fasetan banatuta dago. Lehenengo fasean, internet bidezko frogak daude: sei aste iraungo ditu faseak, otsailaren 19an hasiz. Webgunean astero taldeek burutu beharreko proba bat argitaratuko da eta aste bete izango dute taldeek erantzunak bidaltzeko. Bigarren fasea, fase finala izango da: apirilaren 18an Donostiako Ekogunean ospatuko da. Probetan puntu gehien lortzen dituzten lau taldeak pasako dira finalera eta. Bertan, erabakiko da nor den aurtengo talde irabazlea.
Parte hartzea taldetan izango da; talde, elkarte edo eragile bat ordezkatuko duten 4-6 laguneko taldeak osatu beharko dira horretarako eta taldekideek 16 urtetik gorakoak izan behar dira.
Lehiaketan parte hartzeko, Euskararen Ginkanaren webgunean izena eman behar da. Epea, 2015eko urtarrilaren 23tik otsailaren 18ra arte zabalik egongo da.