Eguneroko errituala hastear zegoen: lehen kutxatik, bere lagun edo senide hildakoen oroigarriak ateratzen zituen eta banan bana begiratzen zituen, otoitzean, berriketan edo bere sentipen barne -barnekoak aitortzen arituko balitz bezala. Ostean estanpa guztiak gorde egiten zituen hurrengo arratsalde arte. Une hartan erne jartzen ginen bilobak bagenekielako bigarren kutxa irekitzeaz batera, gure txanda iritsita zela.
Aitonak zeremonia handiz kentzen zion estalkia eta gu bere inguruan esertzen ginen barruan zegoen altxorrari begira: Tabakoa eta erretzeko papera gordetzen zuen bertan. Aitona abila zen oso zigarroak biltzen ipuinak kontatzen zituen bitartean edo, nahiago baduzue, oso abila zen ipuinak kontatzen zigarroak biltzen zituen bitartean. Kontua da gehienetan bi oinarrizko ekimen hauek uztartzen zituela maitasunez eta maisutasunez. Ordurako erreta zuen medikuak baimendutako zigarro kopurua eta hurrengo egunekoak prestatzen aritzen zen, itsaso handian sirenez eta baleen artean, gurekin batera ospatzen zuen zeremonia irudimentsu hartan.
Aitonarekin bizi izan nuen esperientzia haiengatik aukeratuko nuen kontalaritza ofizio modura? Ez daukat batere garbi baina urte hasieran erretzeari utzi diot eta kezkatuta nabil.
Egilea: Itziar Rekalde, ipuin kontalaria