Garoñaren Kontrako Foroa da dinamika berri honen arduraduna eta datorren astean egingo duten ekintza honen helburua Garoñako zentral nuklearra berriro zabaltzeak Gasteizko herritarrentzat ekar litzaken ondorio lazgarriak ikustaraztea da. Ekintza honek eta aurrerantzean egingo diren beste batzuek “Moztu Garoñarekin” izenarekin ezagutuko den kanpaina osatuko dute. Beraren bidez, gizartea arrisku larri honen arduradunak diren Iberdrola eta Endesaren aurrean aktibatu nahi du Garoñaren Kontrako Foroak , Garoña ixtera presiona ditzaten.
Zentzu horretan, dinamika berri honek hiru ildo nagusi dituela azaldu zentralaren aurkako foroak: "Batetik, zentrala berriro zabaldu nahi dutenak nortzuk diren argi eta garbi esatea, hau da, Iberdrola eta Endesa. Bigarrenik, herritarrek duten ahalmenaz kontzientziatu nahi ditugu, Garoñaren kontra daudela adierazteko bideak bultzatuz, adibidez, Iberdrola edo Endesaren bezeroa izateari utzi. Azkenik, Garoña gaur egun inposatu nahi duten eta eusgarria ez den eredu energetiko oligarkikoaren testuinguruan kokatzea eta energia berriztagarrien eredu energetiko alternatiborantz urratsak ematea".
Dinamika berri hau zenbait elkarte eta norbanakoen gogoetaren ondoren sortu da eta Euskal Herriko mota guztietako kolektibo sozial, politiko, sindikal, ekologista… eta abarretara zabaldu nahi dute antolatzaileek.