Gizartea, Ekonomia eta Udal Administrazioa eta Hirigintza, Ingurumena eta Espazio Publikoaren arloak izango dira udalean. Sailak ere murriztu dituzte eta 14 izatetik 11 izatera pasako da. “Sinergiak bateratzeko, giza eta teknika baliabideak aprobetxatzeko eta udal jardueran eraginkortasun handiagoa lortzeko”, azaldu Gorka Urtaran alkate berriak.
Zinegotzi berriak
Arloak eta sailak zehaztuta, erantzukizun politikoen banaketa ere egin du udal gobernuak. Horrela, Borja Belandiak ardura hauek izango ditu: Hirigintza, Ogasuna, Herritarren Segurtasuna, Ingurumena eta Nekazaritza Eremua. Nerea Melgosaren esku izango dira Gizarte Politikak, Enplegua eta Garapen Ekonomiko Iraunkorra, eta Bizikidetza eta Aniztasuna. Jaione Aguirre Partaidetza eta Gardentasunaz, Berdintasunaz eta Garapenean Laguntzeko Zerbitzuaz arduratuko da. Iñaki Prusillak, azkenik, Euskara, Kultura, Hezkuntza eta Kirola, Funtzio Publikoa eta Udal Administrazioa bideratuko ditu.
Gizarte Arloa
Berritasunen artean udal gobernuak nabarmendu du Alkatetzaren eta Erakunde Harremanen Sailean garrantzia eta nortasun propioa eman nahi zaien zeharkako zerbitzuak sartu direla, hala nola Garapenean Laguntzea, Euskara eta Berdintasuna, bai eta Bizikidetza eta Aniztasuna (lehengo Norabide) eta Nekazaritza Eremua ere.
Orobat, Kultura, Hezkuntza eta Kirola sail bakarrean elkartu dituzte, eta izaera sozial estuagoa duten gaiak Gizarte Politiken Sailean bilduko dira. Partaidetza eta Gardentasun Saila ere sortu da eta sail horren barruan Gizarte Etxeen Zerbitzua eta Herritarrentzako Arreta eta Informazio Zerbitzua sartu dira.
Ekonomiaren eta Udal Administrazioaren Arloa
Herritarren Segurtasunaren Sailaz eta Funtzio Publikoaren Sailaz gain, hainbat gai Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Sailaren barruan bateratu dira. Biltzar eta Turismo Zerbitzua, esaterako, sail horretan sartu dute, “sinergiak batu eta ekonomia sustatzeko politika eraginkorragoak bultzatzeko asmoz”. Horrekin batera, Industria Zerbitzua ere sortu da.
Autobus Geltokiaren Zerbitzua Ogasun eta Aurrekontu Sailaren barruan sartu da oraingoz, baina alkateak horren kudeaketa TUVISA udal sozietatearen esku uztea proposatu nahi dio Udalbatzari. Udal Administrazioaren Sailean, berriz, Informazioaren Teknologiak -Errolda Zerbitzua horra aldatuko da berriro- eta Udal Eraikinetako Mantentze Zerbitzua sartuko dira.
Hirigintzaren, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Arloa
Arlo horretan, batetik, Hirigintza Saila sartuko da eta, bestetik, Ingurumena eta Osasun Publikoa, denak Alvaro Iturritxak koordinaturik.
Alkateak azaldu duenez, onetsitako udal egitura berria Tokiko Gobernu Batzarrak orain dituen kideak -Eusko Alderdi Jeltzalekoak denak- kontuan hartuz erabaki da. "PSE-EEk udal gobernuan sartu nahi duen ala ez zain gaudelarik, udal gobernuak aurrera egin eta erabakiak hartu behar ditu. Horregatik, pausu hau eman dugu gaur. Hala ere, Alderdi Sozialistarekin lan egiteko prest jarraitzen dugu, haiekin gurekin bat egitea erabakitzen badute, bai eta gainerako talde politikoekin ere".
"Dena dela, herritarren eskaerei erantzuteko erabakiak hartzen joan behar dugunez, hainbat erantzukizun politiko nire taldearen kideengan utzi ditut", adierazi du Gorka Urtaranek. Alkateak erantsi du oraingoz zuzendariek beren postuetan jarraituko dutela.