Bi dira erakusketa honen iturriak. Batetik, 1992 urtean Ozeano Barean suertatu zen ezbeharra da, non ekaitza baten ondorioz kontenedore-ontzi batek 29.000 plastikozko jostailu galdu zituen. Gehienak ahate horiak ziren eta ozeanoan galdu ziren. Hasiera baten, hondamendia izan zen gertaera hori itsaslasterren inguruko ikerketa bat bilakatu zen, bi ozeanografok plastikozko animalitxo horiek egindako bidea aztertu zutelako.
Erakusketa honen bigarren iturria bestetik, tabernetan aurkituko dugu, izan ere, orain dela lau urte Zirikak bezeroek ur botilekin zuten jarreran erreparatu eta “kritika” soziala” bilatzen zuen proiektu bat irudikatzen hasi zen. Horrela, plastikozko 6.000 botila bildu zituen erakusketa hau sortzeko eta ekoizpena, birziklatzea eta kontsumoaren gizartearen kontzeptuak landu zituen.
Erakusketa honetan sei artelan iragankor ikus daitezke; horietako bost kanpoan daude. Atarirako propio sortu dituen instalazioak dira eta besteak beste, zentroaren aurrean dagoen urmaelean kokatu du bat. Bestetik, azken hiru urteetan hirian zein naturan egindako interbentzioen argazkiak ikus daitezke.
Zirikak modu plastiko eta ia poetiko batean, agresibitaterik gabe, gure kontsumo-gizarteari eta sortzen ditugun zaborrei buruzko gogoeta egiten du erakusketak. “Ur zentimetro kubiko batzuk edatea itxuraz oso ekintza sinplea da, baina pentsatu dugu inoiz zein ondorio ekar ditzakeen?”, galdetzen dio artistak bisitariari.