Bosgarren aldiz antolatuko du Oiongo San Bizente ikastolak Arabako ikastolen jai handia. Aurreko laurak herrian bertan izan baziren ere, Gasteizen ospatuko dute aurten, hiriburuan euskaltzale gehiagora heltzeko asmoarekin. Horren guztiaren berri bihar emango dute, Oionen egingo duten aurkezpen ofizialean; 13:00etan izango da, Bazterra aretoan.
"Piztu euskara" goiburu, ekainaren 14an ospatuko dute aurtengo Araba Euskaraz. Gasteizko Prado parkean hasi eta Armentiako baselizaraino zabalduko da ibilbidea; musika, dantza eta bestelako hamaika ekitaldi ez dira faltako ibilbide guztian zehar.
Erronka, gazteentzat
Araba Euskaraz aurkeztearekin batera, Erronka izeneko ekitaldia ere aurkeztuko dute bihar, lurraldeko ikasle, irakasle eta gurasoen parte hartzea sustatzea helburu duen jokua. Aurreko jaialdietan izan duen arrakastaren ondoren, aurten joku hori indartzea erabaki dute antolatzaileek. Aurrekari gisa, bihar bertan egingo dute lehenengo Erronka, 12:30ean; hamasei urtetik gorako gazteek parte hartu ahal izango dute gin- kana moduko probetan. Sei laguneko taldeetan hainbat proba gainditu beharko dituzte.
Erronka proba eta aurkezpen ekitaldiarekin batera, hamaiketakoa prestatuko dute eta haurrentzako jolasak ere izango dira bihar eguerdian.
Egilea: Anakoz Amenabar