Salburua eta Zabalgana kexu dira, hobekuntzen zain

hirinet 2015ko urt. 20a, 01:00

Udal gobernuak agindutako hainbat proiektu geldirik daudela salatu dute Salburuko eta Zabalganako auzo elkarteek.

Arkaiatekoa izan da azken kapitulua: kaleen urbanizazioa amaituta zegoela iragarri zuen duela astebete Gasteizko udal gobernuak, eta handik ordu batzuetara sutan zeuden sare sozialak: barandak, farolak eta baldosak falta dira oraindik, besteak beste. Arkaiatekoa bezala, auzo berrietako beste proiektu asko atzeratuta edo hasi gabe daude, eta auzo elkarteak zain  egoteaz aspertu direla salatu dute.

Zabalganan, Udalak agindutako hamar proiektuetatik hiru daude amaituta: Iruña Veleiako zubia, Leza kaleko haurrentzako eskola eta Reina Sofiako hiriguneko pasagunea. Zabalgana Batuz elkarteak azaldu berri duenez, ortuak amaitu gabe daude, eta gizarte-etxea eta haurrentzako jolastoki estalia egiteko lanak atzerapenez hasiko dira, aurten. Beste egitasmo batzuek ez dute datarik, esaterako frontoia eta futbol zelaia.

 

Gasteizko ekialdean, Salburua Burdinbide elkarteak sinadura-bilketa abiatu du, hobekuntzak aldarrikatzeko.  Alkateari egin dioten azken eskaera zebrabide bat izan da, osasun zentroa eta eskolaren artean. Bata eta bestea banatzen dituen errepidea ehunka auzokidek gurutzatzen dute egunero, baina ez dago oinezkoentzat marrarik. Aldarrikapen hori egiteko, aurreko astean elkarteak seinale bat jarri zuen: "Hau ez da zebrabide bat, eta auto batek harrapa zaitzake". Azkenik, Gasteizko udalak Elorriaga Atea eta Praga kaleen artean oinezkoentzako bidea jarriko duela iragarri du.

 

Egilea: Itsaso Estarrona @itsasoestarrona

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago