Jardueren egitarau zabala eskaintzeaz gain, prentsaurrekoa eskaini zuten larunbatean, Errekaleor Bizirik-eko kideen hitzetan, “udaletxetik azken aldian iritsi zaizkigun mezu erdi mehatxagarri ezberdinak direla eta”. Izan ere, proiektuko kideek salatu duten moduan, aurreko asteko ostegunean udaltzaingoa joan zen auzora eta hamar lagunetik gora
identifikatu zituzten.
Jonbe Agirre Errekaleor Bizirik-eko kideak eta lehengo auzokidea zen Eva Barrosok (1976ko martxoaren 3an erahildako Romualdo Barrosoren arreba) irakurri zuten prentsa oharra, eta hauekin batera proiektuaren kideak, oraindik auzoan dirauten jabeak zein dagoeneko auzotik jona diren jabe ohiak, auzolanean parte hartzera etorri diren Euskal Herriko txoko ezberdinetako gazteak eta EH Bilduko juntero bat izan ziren.
Gasteizko auzo honetara “esperantzaz beteta” etorri ziren gazteek etxebizitzak, lurrak eta erabilpenik gabeko espazioa berreskuratu dituztela azaldu zuten. Orain urte eta erdi inguru, gazte talde hau auzoko 26.zenbakian bizitzen hasi ziren eta egiten duten balorazioa erabat positiboa da. “Auzoko paretak garbitu ditugu, sakeatuak izan ziren etxebizitzei bizia eman diegu, gizarte-etxea edo pilotalekua bezalako espazio komunak martxan jarri ditugu”, azaldu zuten eta aldi berean, honako galdera bota zuten: “zer egin du udalak auzo honengatik azken urteotan?”.
Larunbatean bertan jai eguna izan zen Errekaleorren eta besteak beste, lehen taberna zen lokalera sartu eta eraberritzen hasi ziren, jarduera ezberdinak egiteko txoko bihurtu arte. Kultura herrikoi eta parte hartzaile baten aldeko apustua egiten duen gazte talde honek argi dauka; “desagertzear egon den auzo baten errautsetatik, bere pareta zartatuetatik, orain aukeraz eta bizipozez beteriko mundu berri bat ageri da”. Horregatik, pertsona oro gonbidatzen dute auzoa ezagutzera edo bertan antolatzen diren ekintzetan parte hartzera, Errekaleor “jendearena” dela uste dutelako.
Hurrengo egunetarako jarduera ugari antolatu dituzte: