[GUTUNA] Lazarraga; sariak eta galderak

hirinet 2015ko urt. 14a, 01:00

Orain dela hilabete, iaz alegia, Arabako Aldundiak eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak antolatzen dituzten Lazarraga sarietako bat jaso genuen, Jarduera Nabarmenari dagokiona.

 

Ez dago azaldu beharrik guretzako (Oreka IT) horrelako aitortza bat jasotzeak suposatzen duen poztasuna, edota euskararen normalizaziorako egiten dugun ate barrurako zein kanporako lanean izango duen eragin positiboa.

 

Beraz, bihotzez eskertu nahi diogu epaimahaiari gure ibilbidea saritu izana, euskarri garrantzitsua izango delako etorkizunean gurean euskara bizkortzeko egingo ditugun ahalegin berriak akuilatzeko.

 

Behin eskerrak emanda, eta sari hauek administrazio publikoarekin zer ikusi handia dutenez, oholtza gainean egin nuen eskariari eutsi nahiko nioke berriro, euskara sustatzeko administraziotik egiten den lanaren inguruan hausnarketa sustatu nahian.

Ziur sari banaketek, lehiaketek eta antzeko ekimenek, badutela bere eragina euskara enpresa pribatuan sustatzeko, baina bada beharbada ezberdintasun handi bat enpresa batek euskara sustatzeagatik edo beste esparru batean jasotzen duen sari baten artean (demagun: kalitatea, berrikuntza, espezializazioa, nazioarteko hedapena...). Bigarren hauek, gure administrazio publikoek oso kontuan dituzten aldagaiak dira kontratuak esleitzeko orduan.

 

Galdera argia da beraz: zergatik administrazio publikoek ez dituzte aintzat hartzen enpresa baten euskara gaitasunak lehiaketa publikoetan? Sariak banatzea baino eraginkorragoa ez al zen izango?

Are gehiago, zer zentzu dauka dirutza bideratzea langile publikoak euskalduntzeko, gero ez bada sustatzen haiekin lan egingo duten enpresen elebitasuna? Horrela ez da harritzekoa gero estatistikek ezagupena ona dela esatea, baina erabilera eskasa?

Kontuan hartu dezagun, administrazioen aldetik kontratuak esleitzeko orduan euskara gaitasunaren balorazio sistematikoak, euskararen normalizazioan izango zuen eragin nabarmena eta biderkatzailea. Baina kontuan hartu dezagun bereziki, inolako kosturik gabeko neurria izango zela administrazioentzat!

 

Batzuk diskriminazioaren mamua xaxatuko dute euskaren gaitasuna kontratu publikoetan aintzat hartu behar ez dela defendatzeko, baina... gure bi hizkuntza ofizialetan zerbitzu bat eskaintzea ez al da soilik batean eskaintzea baina osoagoa definizioz...; eta orduan, euskaraz bere zerbitzua eskaintzeko gaitasuna garatu dugun enpresei, ez gaituzte diskriminatzen ari dagoeneko hain oinarrizkoa den gaitasun honen aurrean ezikusiarena eginez?

 

Baina burura etorri zaizkidan galdera guzti horien artean, hurrengoak kezkatzen nau bereziki: gu (enpresa) administrazioari eskatzen gabiltza gure bi hizkuntza ofizialak kontuan hartzeko... eta... baina... ez al luke alderantziz izan beharko? Ez al dago hankaz gora kontu hau??

 

Egilea: Iraitz Pérez de Goldarazena - Oreka

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago