Dirudienez, Abendaño izenekoa da kalearen azalera irtenarazi duten ur korrontea. Eta, honela, Gasteiz Hiribidean, erreka zaharra, zonbi bat bezala, atera zaigu lur azpitik. Izan ere, erreka horrek ez du oso itxura ona, ezta naturala ere, baina itzuli egin da, eguzkipean da berriro, zatika bada ere.
Itsasoak edo ibai zabal batek asko ematen dio hiri bati, nortasuna, dotorezia, bizitza. Araban ez dugu itsasorik, eta hainbeste euri zerutik jaso arren, ganorazko ibai ederra ere ez daukagu Gasteizen. Gure Zadorra ez da handiegia eta gainera erdialdetik urrun samar dago.
Hala ere, aspaldiko mapak begiratuz gero, hainbat erreka baziren gaur egungo Gasteiz hiriak estaltzen duen esparruan. Ez dira handiak, xumeak eta apalak baizik. Baina gureak. Non daude gaur? Bada, urbanismoaren egitasmoek diseinatutako kale eta poligonoen asfaltoaren eta porlanaren azpian daude, eta hodietan egiten dute bidea Gasteizeko lurpean zehar. Antza, hiri-antolakuntzarako oztopo baino ez ziren, eta tamalez azaletik desagerrarazi ziren espaloi, etxe, errepide eta abar jartzeko.
Imajina ezazu erreka txiki horiek guztiak Gasteizen, Abendaño, Txirrio, Zapardiel … beren ingurune gertukoenarekin batera gordeta; imajina ezazu, kaleetatik zoazela, beren ibilbidean doazen erreka horiekin topo egitea. Berezia izango litzateke honelako tunel berdez jantzitako hiria. Nortasun berezkoa edukiko zuen Gasteizek, gertuko gauza xumeek, ederrek eta biziek ematen duten nortasun hori, hain zuzen ere.
Gasteiztarrok oker jokatzen dugu gauzak handinahiaz egin nahi ditugunean. Farfaileriaz betetako egitasmoak ez dira gurekin bat etortzen. Egunero gozatzeko moduko gauza atsegin eta apalekin askoz hobeto gabiltza. Eta gertuko gauza txikien aldekoa ez da apustu txarra hiria diseinatzean.
Errekak, gure erreka gertuko eta xume horiek, primeran leudeke hirian zehar egunerokoaren gozagarri. Bizia, koloreak eta zaratak ekarriko lituzkete Gasteizko kaleetara. Zaila izango da erreka guztiak berriro azalaraztea, baina zerbait ikas dezakegu honetatik guztitik: adibidez, eguneroko gauza txiki eta atseginei merezi duten garrantzia ematea, eta zaintzea. Izan ere, gertuko gauza txiki, eder, bizi eta atsegin horien artean badugu gure hizkuntza zaharra, azken hamarkadetan Gasteizko airera indar berriz azaleratu zaiguna, hiriaren edozein bazter kolorez eta zarataz betez.
Egilea: Josean Bueno Saez de Albeniz