Mikel Landa, txirrindularia: "Nabarmentzea kostatu zait, baina iritsi da nire momentua"

hirinet 2015ko eka. 21a, 02:00

Murgiako bere lagunekin elkartzeko igo zen bizikletara. Gaur egun, Kazakhstango hiriburuaren izena darama maillotean: Astana. Talde horrekin igo berri da Italiako Giroko podiumera, hirugarren sailkatuta.

 

Giroa bukatu zenetik hiru aste pasa dira. Arrakasta dastatzeko tartea hartu al duzu?

Azken asteotan, alde batetik bastera ibili naiz eta ez naiz apenas etxetik pasa. Kazakhstanen egon izan naiz, babesleekin nituen konpromisoak betetzen. Gero, behin hemen,  jende guztiak egon nahi izan du nirekin. Hori pasata, orain bai, hasi naiz normaltasuna berriz bilatzen eta momentuaz pixkat gozatzen.

 

Espainiako ereserkiak jo zuenean txapela ez kentzeagatik polemika piztu zen. Horrek oraindik ere zipristintzen al zaitu? Ondoriorik jasaten ari al zara?

Polemika baretu da, nahiz eta, une hartan, komunikabide batzuek garrantzi handia eman zioten.

 

Gehiegizkoa?

Bai, guztiz gehiegizkoa, baina zorionez berehala ahaztu den kontua da.

 

Zure taldeko kapitainari laguntza eman behar izan diozu. Taldeak ere geldiarazi zaitu behin baino gehiagotan. Zenbateraino sakrifikatu dituzu zure aukera pertsonalak? Urrutiagora iritsi zintezkeen? 

Bai, baina talde batean zaudenean, onerako eta txarrerako zaude: azkenengo astean asko geldiarazi ninduten, baina lehenengoan haien babesa sentitu nuen. Ez naiz kexu.

 

 

 

Alberto Contadorrentzat aurkari bihurtu zara. Ohore bat? Zer da zuretzat Contador? Lehiakidea, erronka, erreferentea…

Ohore bat da niretzat Alberto Contadorren parean egotea eta berarekin borrokatzea. Beti ikusi izan dut telebistan, Tourra edo beste edozein lasterketa irabazten, eta asko miresten dudan txirrindularia da.

 

Zer beste txirrindulari duzu haizeorratz?

Beti gustatu izan zait Iban Mayo. Badira urte batzuk bizikleta utzi zuela, baina gustatzen zaizkit bera bezalako lasterkariak, karismatikoak, hala, hobe esanda, polemikoak, kar kar.

 

Zertan ibiliko zara datozen hilabeteetan?

Atseden hartu eta gero, berriz hasi naiz apurka-apurka entrenatzen, eta abuztuan lehiari helduko diot berriz, Donostiako Klasikoan, Burgoseko Itzulian eta Espainiakoan.

 

Inoiz baino begi gehiago izango dituzu begira. Presio puntu estra bat?

Agian bai! Giroan podiumean ikusi naute, eta hori errepikatu dezadan nahi dute. Hasi zaizkit esaten Espainiako Itzulian zerbait gehiago egin behar dudala. Nigandik ikusi nahi dutena eman ahal izatea espero dut, haiek ni bezainbeste gozatzeko.

 

Baduzu jarraitzaile talde bat, Mikel Landa Taldea, ezta?

Bai, anaiak eta lagunek sortu zuten, profesionalen mailara pasa nintzen lehenengo egunetik. Haien babesa oso garrantzitsua da niretzat, eta Italiaraino etortzeak ilusio handia egin zidan.

 

Aurten distira egin arte, kostatu zitzaizun nabarmentzea. Nola egingo duzu azkenaldiko arrakastari eusteko, ez dadin izan bolada on bat besterik ez?

Egia da nabarmentzea kostatu zitzaidala, baina azkenean txirrindularitza iraupen-kirol bat da eta urteak behar dira heldutasuna lortzeko. Momentua iritsi zait, eta espero dut  indartsu jarraitzea.

 

Nolakoa izan da aldaketa, Euskaltel bezalako etxeko talde batetik, Kazakhstango Astana taldera?

Aldaketa oso handia izan da. Euskaltelen, etxekoak ginen lasterkari guztiak: ohitura berdinak, hizkuntza berdina... Astanan, mundu guztiko kideak daude, kultura ezberdinekoak, eta haiekin elkartzeko etxetik irten behar naiz. Horrek, nolabait, laguntzen dizu beste ikuspegi bat izaten eta, batez ere, heldutasuna lortzen.

 

Euskaltel desagertu zenetik, umezurtz geratu dira euskal txirrindulari asko. Beharrezkoa ikusten al duzu halako proiektu bat berriro sortzea?

Bai, lasterkari asko umezurtz utzi zituen, eta utziko ditu. Guk oso aukera ona izan genuen Euskaltelekin: ondo ibiliz gero, Euskal Herriko edozein txirrindularik aukera zuen maila profesionalean aritzeko eta munduko talderik onenekin lehiatzeko. Hori galdu dugu. Galdu dugu eta ez dakit inor gauza izango ote den geneukana berreskuratzeko.

 

Zu nola igo zinen bizikletara?

Beti gustatu izan zait txirrindula. Herriko lagunak elkarrengandik bizpahiru kilometrora bizi ginen, eta beraz elkar ikusteko bizikleta erabiltzen genuen. Bestalde, Murgian, gaztez osatutako txirrindularitza talde bat dago; izena eman nuen, eta gustua hartu nion.

 

Zerk hunkitu zintuen gehiago, Milango podiumak ala Murgian jasotako omenaldiak?

Murgiakoak, dudarik gabe. Azkenean, zure jendearen babesa sentitzea oso berezia da, ez dauka zerikusirik ezezagunen zorion hitzak jasotzearekin. 

 

Araban, zeintzuk dira entrenatzeko zure lekurik kuttunenak?

Urtegia, eta Amurrio ingurua ere asko gustatzen zait.

 

Txirrindulari bezala, seguruak ikusten dituzu Arabako errepideak?

Bizkaian eta Gipuzkoan trafiko handia egon ohi da, baina Araban, zorionez,errepide lasai asko ditugu. Autobidean sartzen ez zaren bitartean, ez dago arazorik.

 

Arkitektura tekniko ikasketak hasi zenituen ere. Nondik datorkizu zaletasun hori?

Batxillergoa ikasten ari nintzela, teknologia eta marrazketa teknikoa gustatzen zitzaizkidan, eta arkitektura teknikoa ikastera animatu nintzen, baina denbora asko eskatzen duten ikasketak dira, eta txirrindularitzaren bidea hartu nuen.

 

Non ikusten duzu zure burua hemendik, demagun, bost urtera?

Ez dakit hemen edo non egongo naizen... baina nire burua bizikletaz gozatzen ikusten dut.

 

 

Kuxkuxean

 

Pelotoiaren anonimatua… ala ihesaldiaren fama?

Ihesaldiaren fama, agian.

 

Zure lehenengo bizikleta.

Mendiko bizikleta bat izan zen, 'Mezquita' markakoa.

 

Txirrindularia ez den beste kirolari bat?

Oinatz Bengoetxea. 

 

Zenbat aldiz zulatu zaizkizu gurpilak?

Askotan! Hilean behin, gutxienez.

 

Azken erorikoa?

Euskal Herriko Itzulian.

 

Porturik gogorrena.

Agian Giroaren azkenaurreko etapakoa, Col de la Finestre.

 

Bizitzan zer egiten zaizu maldan gora?

Ez dakit... Gaur egun, dena alde daukat. Oso momentu onean nago.

 

Kazakhstandik zerk harritu zaitu gehien?

Astana hiriburua, oso hiri artifiziala, jenderik gabekoa.

 

 

Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide