Horrela, hemendik aurrera administrazio bakoitzak duen erabakigunean (Udalek osoko bilkuretan, eta Kuadrillak batzarrean) onartu dira orain artea “asmo edo konpromiso gisa hartu izan ditugun neurriak”,hala nola, udaletxeetako bulegoetan, edo telefonoa hartzerakoan, lehenengo hitza euskaraz egitea, herritarrei zuzendutako dokumentu orokor guztiak (inprimakiak, bandoak, iragarkiak…) elebitan egotea bermatzea, ume eta gazteei zuzendutako jardueren kontratazioetan euskara ezinbesteko baldintza izan behar duela onartzea…
Manex Agirre Zuiako Kuadrillako euskara teknikariak azaldu bezala, “irizpide adostuak dira: gutxieneko batetik abiatuta, hainbat bilera egin dira ordezkari politikoekin eta langileekin, eta administrazio-egitura guztietan adostasun osoa lortu da, erabakiguneei behin-betiko proposamena egin aurretik. Horretarako giltzarrietako bat izan da udal bakoitzaren egoera eta gaitasunera egokitutako irizpide proposamenak egitea: bete daitezkeen irizpide errealak dira onartu direnak”.
Gauzak horrela, hemendik aurrera, irizpideak betetzeko eta betetze-mailaren jarraipena egiteko epea irekiko dela gaineratu du Agirrek. “Lehenengo, komunikazio fase bat egongo da, bai herritarrei, eta baita udalerrietako bizitzan parte hartzen duten eragileei onartutakoa zehatz-mehatz azaltzeko. Ondoren, 2017ra arte (irizpideak indarrean egongo diren epea) ebaluazio jarraitua egingo zaie, betetze-maila neurtzeko”, azaldu du.