Erabakitze eskubideazer zen ere ez omen genekien, eta korrika egiten genuen, ez running: esate baterako, madero-en aurrean, Euskadi askatzeko. Hori bai, Legutiora joateko seinalerik bilatuz gero, ziurrenik Urquiolara iritsiko zinatekeen, Villarreal atzean utzita: hor behintzat aurrera egin dugula onartu behar da.
Zuetako batzuentzat hau guztia Erdi Aroko kontua izango da…. zorionekoak zuek, orduan. Beste batzuek, aldiz, atzoko kontua bailitzan irakurri duzue ziurrenik….zorionekoak zuek ere: badakizue, gazteak baleki, eta zaharrak baleza….
Barrea eragiten digu, gaurkoan, garai hartako prentsaurrekoak ikusteak. Bereziki, gainezka egindako hautsontziak agertzen direnean, gaurko ohiko babesleen logoen ordez: hala nola, edari burbuiladun batena, edo geurea omen zen garaitik “K” hizkiari baino eusten ez dion banketxe batena.
Kez betetako egun horietan, mezu garrantzitsuak –oro har, legez kanpokoak- hormetan eransten ziren, kartel (País Vasco-n) edo afixen (Pays Basque-n, muga beti muga…) bitartez, nahiz nonahi margotutako pintada eta graffiti lotsagabeen bitartez: OTAN-NO-BASES-FUERA, LEMOIZ-APURTU, PRESOAK-ETXERA-AMNISTIA-OSOA. Pegada de carteles batekin hasten ziren hauteskunde kanpainak….buaj, hori zikinkeria hori, mesedez…!!
Baina orain Euskal Herrian garai berriak bizi ditugu, askoz zibilizatuagoak, vas a comparar…. Akabo kea, akabo gure hirietako pareten zikinkeria (zer pentsatuko dute bisitatu behar gaituzten milaka turistek?), akabo lotsagabetasuna.
Askoz garbiagoa eta modernoa da Aurpegiliburuaren horman Hitz-ordu bat sortzea, eta zure Lagunak gonbidatzea. Txori baten txioek ere lagunduko dizute…. hori bai, 140 nota baino gutxiagoko kanta bat abestu beharko duzu, urretxindor gizajo hori!!… Eta, nola ez, zure lagun minak whatsappatu (“Euskaltzaindia 24 ordu?....Bai, aditz berri bat proposatu nahi dizuet…”). Denok elkarrekin lotuz gero, gure helburu politikoa lortuko dugu….Trending Topic izatea, gora gu ta gutarrak!! Oh, yeah, ´cause we are Basque…
Anai Haundia, bere begi erraldoia eta guzti, lasai-lasai, haren gordelekutik gu behatzen….
Galia osoa menpean ba al dago? Ez, ba omen dira menderaezinezko galiar batzuk, baina bestelako gaiei ematen diete orain lehentasuna, antza. Esate baterako, maitasunari….
….ekologismoari, “Iruzkina” eta guzti…..
...edo feminismoari.
Ausart gutxi batzuek oraindik kritika politikarako grinari eusten diote….
….eta historian zehar askoren azken gotorlekua izan den komunean, filosofiarako astia hartzen duen espezie bitxi horren ordezkariren bat ere topatu dugu.
Hori bai, aspaldi honetan Gasteizen, zoritxarrez, gai hauen inguruko pintada gutxi ikusi ditut euskaraz. Badirudi, betiko mezuetatik eta lekuetatik kanpo, euskararen presentzia nahi baino urriagoa dela oraindik. Agian berpizteko garaia iritsi zaigu, ezta?
Horregatik, zera erabaki dut: hemendik aurrera, egunero, errotuladore lodi batekin aterako naizela etxetik, eta gustuko dudan pintada bat ikusten dudan bakoitzean “Atsegin dut” jarriko diodala, ea nire Lagunek ere “Atsegin duten”....
Zer egingo diot!! Erromantiko hutsa naiz….
Egilea: Iñigo Larramendi