Laminaciones Arreguiko langileak hilaren 21ean itzuliko dira euren lanpostuetara

hirinet 2015ko urt. 8a, 01:00

Gasteizko Celsa Atlanticeko (lehengo Laminaciones Arregui) langileek atzo itzuli behar zuten euren lanpostuetara, enpresako zuzendaritzarekin bi urte inguru gatazkan ibili ondoren eta iazko uztailean Espainiako Auzitegi Gorenak enpresak aurkeztutako lana erregulatzeko txostena baliogabetu ostean.

 

Izan ere, enpresara heldu bezain laster, zuzendaritzak esan zien hilaren 21era arte ez direla beharrean hasiko. Antza denez, Celsa Atlantic enpresako kudeatzaileek aldaketa bat egin dute lan-egutegian, langile hauen lanean hasteko eguna atzeratzeko asmoz. Horrela salatu du Nando Angiano langile batzordeko kideak BERRIA egunkarian. “"Lan ituna urratzen ari dira neurri horrekin. Langileek urteko zubi guztiei uko egin behar izatea nahi dute gaur lanean hasi ordez soldata pagatu eta beharginen sarrera 21era atzeratzearekin", adierazi du.

 

Celsa Atlantic enpresak aurkeztutako lana erregulatzeko txosten horrek Gasteizko eta Urbinako lantegien itxiera eta 358 langileren kaleratzeak aurreikusten zituen. Izan ere, 2012an erregulazio eskaera hau baliogabea zela ebatzi zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eta ondoren, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi zuen erabaki hori. Egun, 90 langile hartuko ditu berriro enpresak. Gainontzekoek lan berriak aurkitu edo erretiroa hartu dute, besteak beste.

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago