‘Sirena-hotsak’ Xabier Etxaniz Rojoren liburua

hirinet 2015ko urt. 2a, 01:00

Lau kontakizun labur jasotzen ditu Etxaniz Rojoren Sirena-hotsak liburuak.

 Lehendabizikoan, agure donostiar baten eta bere zaintzaile hegoamerikarraren arteko harremana ageri zaigu; bigarrenean, liburuzain baten ezusteko aurkikuntza; lana gorabehera soldatarik jasotzen ez duen langile baten ametsa, hirugarrenean, eta tren bati su eman nahi dioten hiru mutil gazteren ibilerak, laugarrenean.

 

Kontakizunak independenteki irakur daitezke eta ez dago haien arteko lotura zuzenik; hala ere, egon badaude lau istorioek komunean dituzten ezaugarriak; esate baterako, errealismorako joera edo gure gizartean egunerokoak diren gaiak uztartzea: immigrazioa, enpresa munduko korrupzioa, krisi ekonomikoa, gatazka politikoa…  Etxaniz Rojok ez du horien zioen inguruan sakontzen, bai ordea ondorioetan; horrela, bere pertsonaiak bizitzea egokitu zaien errealitatearen seme-alabak dira, eta errealitate horrek berak baldintzatzen ditu  menderatzaile/menderatu botere harremanak, bizimoldeak eta ametsak.

 

Pertsonaia nagusien karira, esanguratsuak dira guztien arteko antzekotasunak:  maitasunaren (eta, batik bat, maitasun ezaren) ondoriozko gatazka afektiboak pairatzen dituzte, Donostia eta Gasteiz bezalako inguru urbanoetan bizi dira, gaur egungo kanonen arabera (lan handia, diru gutxi, zalantzak…) antiheroitzat jo ditzakegu, unean uneko egoerek xaxatuta beren bizitzei eragingo dieten erabakiak hartu behar dituzte etab. Ezaugarri horiek guztiek kontakizunak “humanizatzeko” eta irakurlearen enpatia eta gertutasuna lortzeko balio dute.

 

Aitzitik, badago elementu bat kontakizun guztietan ageri dena eta besteen gainetik nabarmenduko nukeena: iraganaren errepresentazioa; izan ere, pertsonaia guztiek dute beren iragana, motxila astuna bailitzan leku batetik bestera herrestan eraman beharreko zama, arrakasta dutenean ere erabat zokoratu ezin dutena. Iragana subjektiboa da, pertsonala eta aldakorra; beste hitz batzuetan, ez dago iragan bakar bat, haren bertsio asko baizik.

 

Iraganaren (edo iraganen) zama arintzeko idatzi zuten Celanek, Matutek, Borchertek eta (Herta) Müllerrek. Böllek, Zweigek eta (Natalia) Levik. Euskaraz ere ugariak dira adibideak: Muñoz, Saizarbitoria, Mujika Iraola… Etxanizen kontakizunetan pisutsua da iragana, hitsa oraina, zalantzaz beterikoa etorkizuna. Kerouac-en On The Road estilora protagonisten ametsak betetzen direnean ere, zalantzaren harra ez da guztiz desagertzen. Zergatik? Iraganaren mamuak gutxien espero dutenean eraso egiten dielako.

 

Bestetik, ia kontakizun denetan topatuko ditu irakurleak gogoeta metaliterarioak, liburuek     —liburu jakinek— garrantzi handia baitute protagonisten bizitzan, eta azken horiei orainean bizitzeko zein iraganari aurre egiteko (edo berau hobeto ezagutzeko)  aukera eskainiko baitie.

 

Horiek guztiak islatzeko 3. pertsona orojakilea eta iraganeko zenbait aditz forma darabiltza Etxanizek. Era berean, eskuarki erabiltzen du analepsi edo flashback-aren teknika pertsonaien bizitzetan atzera eta aurrera egiteko. Horren eraginez, kontakizunen denbora lineala desegiten da, Daliren koadroetako erlojuak bezala tolestuz eta urtuz, eta ordura arte oraina zena iragan edo etorkizun bilakatzen da hitz batetik bestera.

 

Euskarari dagokionez, argia, aberatsa, ulerterraza eta zehatza da Trintxerpeko idazlearen idazkera, bai lexikoari bai sintaxiari dagokionez. Esaldi laburrak maite ditu eta, batzuetan, metafora eta sinboloez baliatzen da; noiz edo noiz, baita ironiaz eta umoreaz ere.

 

Bizkitartean, nago ez ote duen kontakizunen bidez gauza asko adierazi nahi izan, eta ez ote duen batzuetan espazio labur-laburrean gai gehiegi uztartu (adib. “Matxupitxu” lehen kontakizunean immigrazioaren testuingurua, protagonisten nondik norakoak, haien iragana, maitasun istorioa…). Nire irudiko, horren ondorio zuzenak dira istorioen mamian ezin sakontzea eta irakurlea azaleko kontu eta gerturapenetara mugatu behar izatea.  

 

Gainera, zehaztasun eta azalpenerako joera handia (kasu batzuetan, handiegia) sumatu diot idazleari. Egia da irakurle zenbaitentzat eskertzekoa izan daitekeela hori berori, argibideak testua hobeto ulertzeko eta haria ez galtzeko mesedegarriak suertatzen diren neurrian bederen, baina, bestalde, irakurlearen irudimena mugatzen dute eta esandakoak luzatuz kontakizunaren erritmoa moteltzen. Horrela bada, liburuko laugarren kontakizuna (“Sirena-hotsak” izenekoa) iruditzen zait guztietan orekatu eta interesgarriena, oraino aipatu ditudan bereizgarrien konbinazio egokian oinarrituta.

 

Laburbilduz, liburu atsegin eta entretenigarria da “Sirena-hotsak”, denbora pasatzeko, inguratzen gaituen errealitatea ikuspuntu kritikoago batetik berraztertzeko nahiz iraganaren zamak gugan duen eraginari buruz hausnartzeko aproposa.

 

“Ezin da maitatu ulertu ezin dena” diosku Etxanizek lehen ipuinean, eta ezinbestean dihoakit  burua Aristotelesen eta Aquinoko Santo Tomasen hitzetara: “ezin da maitatu ezagutzen ez dena”. Argi dago, iragana ulertuko badugu, lehenik eta behin ezagutu egin behar dugula. Iragana ulertzeak lagunduko al —ahal— digu, bada, berau onartzen eta maitatzen? Beharrezkoa ote hura onartzea eta maitatzea, zama izateari utz diezaion?

 

Fitxa teknikoa:

Liburua:SIRENA-HOTSAK

Idazlea: XABIER ETXANIZ ROJO

Argitalpen data: 2013

Argitaletxea:Erein

Orrialde kopurua: 181

 

Egilea: Mikel Babiano López de Sabando

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago