Miren Larrion, EH Bilduko bozeramailea: "Lidergoa hartzeko prest zegoen indar bat behar zen: EH Bildu izan da hori"

hirinet 2015ko eka. 19a, 02:00

Paper piloaz inguratuta, bulego-aldaketan murgilduta elkartu da ALEArekin Miren Larrion Gasteizko Udalean. Javier Maroto alkatetzatik aterarazteko prozesuan, alderdi guztiek haien buruaren erretratua egin dutela nabarmendu du EH Bilduren bozeramaileak.

 

Javier Maroto alkatetzatik kentzeko burubelarri lanean aritu izan zara. Zer irabazi du zure ustez Gasteizek horrekin?

Gasteizko gehiengo bat kezkatuta zegoen, Marotoren diskurtso arrazistak hiria bitan zatitu zezakeelako. Hiritarrak sailkatzen ditu etengabe: lehen mailako eta bigarren mailako biztanleak, hemengoak eta kanpokoak, irabazleak eta galtzaileak.... Esan behar dut, bestalde, diskurtso arrazista horrek gainerako guztia estali duela, eta agian gasteiztar asko ez direla jarraian esango dudanaz kontziente, baina Marotok oso kudeaketa txarra egin du Udalean: murrizketa ekonomikoak ikaragarriak dira, udal langileen egoera ez da batere ona eta garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen egoera  larria da, adibidez. Gainera, begira zer egoerara eraman duen Tuvisa eta nola berritu duen hiria garbitzeko FCC-ren kontratua. Beraz, kanpainan esan genuen bezala, udalaren alfonbrak altxatu behar dira, eta leihoak ireki. 

 

Kudeaketa ona edo txarra, inoiz baino gasteiztar gehiagok babestu dute Javier Maroto, eta alkategairik bozkatuena izan da. Zergatik iruditu zaizue zilegi kargutik kentzea?

Marra gorriak zapaldu dituelako eta dena ez delako zilegi botoak lortzeko. Orain dela hilabete batzuk, Udalaren osoko bilkura osatzen zuten zinegotzi guztiek Marotori literalki bizkarra eman zioten, ezta? Bada: koherentziaz jokatu nahi baldin bada, egin behar dena ez da antzerki bat prentsa aretoan, baizik eta jarrera hori dagokion lekuraino eramatea. Hori gauzatzeko, lidergoa hartzeko prest zegoen indar bat behar zen, koherentzia osoz eta mugaraino jokatuko zuena, eta indar hori EH Bildu izan da.

 

Ezkerrean ere ahots kritikoak sortu dira, EH Bildu eskuzabalegi izan dela diotenak. Zein izan da prezioa?

Nire ustez, ahots kritiko horiek hauxe  nahi zuten: ni alkate izatea. Nik neuk ere hori nahi nuen, baina aztertu behar da zein den benetako egoera, eta zein izan daitekeen. Errealitatean oinarritu behar gara, ez guk nahiko genukeen balizko egoeran. Ezin dugu ahaztu zer den Alderdi Popularra: Euskal Herriko gatazka konpontzeko aukera guztiak geldiarazten dituena, abortuaren legean moldaketa egin nahi zuena, hezkuntza legea inposatu duena, lan erreforma basati bat ezarri duena... Hori guztia jarri behar dugu mahai-gainean, eta zer beste egoera nahi dugun aztertu. Agian, ezin izango gara urrats bakar batekin guk nahiko genukeen beste egoera horretara heldu, eta pausoka joan behar izango gara. Azken finean, hauxe da gure helburua: Gasteiz eta Euskal Herri gorri, berde eta moreak eraikitzea. Legegintzaldiko lau urte hauetan urrats batzuk baino ezin izango ditugu eman baina etorkizuna luzea da, eta Maroto alkatetzatik kendu eta gero gure helburutik urrats bat hurbilago bagaude, urrats hori ondo eman dugu.

 

EAJ eta PSEren arteko itun baten ondorio bezala ezagutarazi zuten jeltzaleek eta sozialistek aldaketa, PSEk zuri bozkatu zuen arte. Zein izan da zuen ustez indar politiko bakoitzaren eginkizuna?

Argazki honetan oso ondo erretratatu gara guztiok. Alderdi popularraren argazkia argi dugu, esan baitu Marotok abiatutako eredua leku guztietara eraman nahi duela. Gu ere ondo erretratatu gara, erakutsiz zer den koherentzia eta eskuzabaltasuna. EAJri dagokionez, guztiok ikusi dugu zer eta zer baldintzekin egin duen. Alderdi sozialistak hasieratik utzi zuen kanpo bere burua, gurekin itun bat lortzeari dagokionez; orain sartu, orain atera aritu da, eta emandako hitza jan egin du. Ezkerreko indar berriek, aldiz, politika egiteko  beste modu bat aldarrikatu dute, eta kanpainan agindutakoa bete dute ere. Bestalde, EAJk esan duena egia da: guk inbestidura adostu dugu, ez beste ezer.

 

Datozen hauteskundeetan, nork jasango ditu ondorioak?

Hori ez dago aurreikusterik. Une honetan hauteskundeak eginez gero, polarizazioa nagusituko litzateke, ez dut zalantzarik; PPri botoa eman dioten askok berriz  emango liokete, uste dutelako gainera euren eskubidea zela irabazle izatea, eta gainerakoak galtzaile; bestalde,  badago ere indar politiko batzuk egin dugunaren balioaz jabetu den jendea. Baina gaur ez dugu hauteskunderik. Datozen urteetan egingo dugunak erabakiko du gure posizioa.

 

EAJk eskaintza egin dio PSEri, gobernukide izateko. Zuek zer nahiago: sozialistak gobernu barruan, ala kanpoan?

Hori ez da gure ardura. Haiek erabaki beharko dute...

 

Ezkerreko alderdiek aupatu duzue Gorka Urtaran alkatetzara, orain...

Ez. Ezkerreko alderdiek koherentzia osoz jokatu dugu Gasteizko gizartearekin. Nik hori esango nuke...

 

Edozelan ere, hemendik aurrera, nola sustatuko dituzue ezkerreko politikak?

Bederatzi zinegotzi izan gara Maroto kanporatzeko erabakia koherentziaz gauzatu dugunak, eta abiapuntu batzuetan bat gatoz: parte-hartzea bultzatu nahi dugu, murrizketekin amaitu... Bederatzi zinegotzik planteamendu horietan  bat egiteak ate asko irekitzen ditu.

 

Eta udal-gobernu berriarekin, Gasteizko zer proiektutan egingo duzue bat?

Kanpainan zehar, adostasun maila handia genuen hainbat egitasmori dagokionez: zerbait aipatzearren, ez dugu gehiago eraiki nahi, eta premiazkoa iruditzen zaigu auzo zaharretan esku hartzea. Mota horietako hiriko proiektuetan elkar ulertuko dugu.

 

Diru sarreren bermerako errenta izan da Gasteizen sortutako egoeraren pizgarria....

Aitzakia, aitzakia...

 

Nolanahi ere, eztabaida hori, amaituta dago, ala berriro heldu behar izango zaio?

Eztabaida bat ere ez dago itxita, eta are gutxiago gizarte laguntzei  buruzkoa, gero eta pobrezia gehiago dagoelako, eta pobrezia mota berriak, gainera. Gizarte laguntzei buruz asko hitz egin beharko dugu, eta, horretaz harago, beste eztabaida bati ekin: zein da etorkinen egoera? Zer kultur aniztasun dugu hirian? Nola eraikiko dugu aniztasun mota guztietan –sexuala, erlijiosoa, kultura– oinarritutako gizarte bat? Hori da erronka.

 

 

 

Egilea: Itsaso Estarrona. Arabako ALEA

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago