Osagaiak:
- -- 250 gr gurina
- -- 150 gr azukrea
- -- 350 gr irina
- -- banilla estraktua, goilarakada txiki bat
Egiteko era:
Gurina epel egon behar du, hozkailutik ordu bat lehenago atera ondo erabili ahal izateko. Sardexka batekin masa bat egin, eta masa horri azukrea gehitu. Nahastatu guztia masa homogeneo bat izan arte eta bota ezazu banilla estraktua. Ondo nahastatu ondoren, hasi irina gehitzen pixkanaka; silikonazko paleta batekin gurina masari gehitu poliki-poliki. Gutxi geratzen zaizunean zaila egingo zaizu paletarekin nahastatzea eta eskuak sartu beharko dituzu.
Irin guztia bukatuta daukazunean, gainazal garbi batean irin pixka bat bota eta masari azken “meneoa” eman. Bitan zatitu, eta zati bakoitzari zilindro baten forma eman; kontuan izan zilindroaren lodiera gaileten azalera izango dela, gero xaflatan moztuko duzu eta. Bi zilindroak dauzkazunean, film gardenean bildu eta hozkailuan sartu ordu batez edo, masa gogortzeko.
Ordu hori pasa ostean, zilindroa xafletan mostu laban batekin. Gaileta bakoitzaren lodiera zure esku dago, baina zentimetro bat baino gehiagokoak ez lirateke izan behar. Labea aurretik berotu 180 gradutan eta gailetak erretiluan kokatu (laberako papera baduzu, erabili; bestela, erretiluan irin pixka bat bota); pixka bat haundituko dira, beraz utzi zentimetro pare bateko lekua gailleten artean. 15 minutuz egon behar dira labean, edo kolorea hartu arte. Gero hozten utzi eta jan!
Ikusten duzuenez, errez-errezak dira. Gaileta hauek gogorarazten didate kutxa urdin horretan datozen “butter cookies” daniarrak, baina hauek askoz goxoagoak egongo dira zuk egin dituzulako. Errezeta erraza da ere ume txikiekin egiteko; badakizue eskuak zikintzea asko gustatzen zaiela, aukera primerakoa da.
On egin eta urte berri on!
Egilea: Ruth Ibañez