Gabonetan, haurrentzako euskarazko zinema ikusgai Florida aretoetan

hirinet 2014ko abe. 23a, 01:00

Zinegabonak zikloa iaz hasi zen Gabonetan haurrentzako zinema Euskal Herriko hainbat aretoetara eramateko asmoarekin.

 Ekimen honen helburua haurrek euskarazko zinemaz euro baten truke gozatzea da. Proiektu honen antolatzaileak Euskadiko Filmategia eta Zineuskadi dira.

 

Aurten ekimen honek Gasteizko Florida aretoetan hartuko du lekua eta 2014ko abenduaren 22tik 2015eko urtarrilaren 4ra bitartean ospatuko da. Egun horietan, film bakoitza euro batengatik ikus daiteke.

 

Floridan ikusgai izango diren pelikula guztiak goizeko 11:00etan izango dira:

·       Abenduaren 27an: Jelly T, Tarzan eskasa

·       Abenduaren 28an: Ernest & Celestine

·       Urtarrilaren 3an: Maya erlea pelikula

·       Urtarrilaren 4an: Blackie & Kanuto

 

Hona hemen pelikula bakoitzaren sinopsia:

Blackie & Kanuto:

Blackie ilargira joatearekin tematuta dagoen ardi beltza da. Kanuto, berriz, Blackierekin itsututa dagoen artzain txakurra da, baina ez du kohetearen kontua entzun ere egin nahi. Azkenean, bidaiari ekitea erabakiko dute eta bidean beste lagun askorekin topo egingo dute: behi kantariak, otso limurtzailea, legez kanpoko armiarma etorkinak, hegazti hippyak eta kohete bat aireratzeko prest dagoen txakur talde bitxia. Pinky, Godzillaren itxurako arrosa koloreko ardi erraldoia, hori galarazten saiatuko da.

 

Ernest & Celestine:

Ernest basoan bizi den hartz handia da eta musikaria da ogibidez. Neguko lozorro luzetik esnatzean, goseak amorratzen abiatu da hirira sabela betetzeko zerbaiten bila, baina musikak ez dio jaten ematen. Zaborrontzietan jaki bila ari dela, Celestine sagutxoa ezagutuko du. Bai Ernestek bai Celestinek elkarren laguntza beharko dute euren bizimodua aldatzeko. Hartza eta sagua bizi diren gizarte zorrotzetan, bi lagunok hainbat arau puskatu eta inguru osoa hankaz gora jarriko dute euren adiskidetasunari eusteko.

 

Jelly T, Tarzan eskasa:

Ivan Olsen gaixoak arazo ugari ditu. Eskolan burla egiten diote eta haur talde batek galtzak urez betetzen dizkio noiznahi. Etxera iristen denean, berriz, aitak ez dio kasurik egiten. Izan ere, hark Tarzan maite du eta ez ditu bere semearen trebetasun txikiak estimatzen. Baina egun batean, Ivanek aitaren nahia betetzeko eta bere ikaskideei aurre egiteko aukera izango du. Hala, sorgin lagun batek bere desio handiena beteko du: superbotereak emango dizkio! Baina, superbotereak izateak bizitza errazten al du?

 

Maya erlea pelikula:

Maya erlea oso bihurria da eta ez ditu erlauntzeko arauak betetzen. Arau hauetako bat belarditik haratago bizi diren liztorretaz ez fidatzea da. Ezti preziatua desagertzen denean, liztorrak dira susmagarri nagusiak, eta erleek Maya haien konplizea izan dela uste dute. Bere lagunetako inor ez da bere alde agertuko, Willy izan ezik. Elkarrekin abenturaz betetako bidaia abiatuko dute lapurraren bila, eta erleen eta liztorren arteko borroka saihestuko dute.

Zinegabonak programazio osoa

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago