Badatoz Olentzero eta Mari Domingi!

hirinet 2014ko abe. 24a, 01:00

Gabonetan, Olentzeroa eta Errege Magoak etortzen direnez, data bereziak dira, batez ere, haurrentzat.

 

Aurten, Olentzeroren postontzia jada irekita dago abenduaren 23ra arte. Bertan, haurrek utzi ahal izango dituzte Olentzerori idatzitako gutunak. Postontzia Goiuri jauregian kokatuta dago eta, astean zehar, goizeko 10:00etatik gaueko 21:00etara zabalik dago; asteburuetan, ordutegia 11:00-14:00 eta 16:00-20:00koa da.

 

Gabon-gauaren goizean Olentzerok Gasteizko haurrak hartuko ditu Udaletxean, goizeko 11:00etatik 14:00etara. Ekitaldi honetan, Folklore Akademiak parte hartuko du. Baina hori ez da izango haurrek Olentzero ikusteko izango dute aukera bakarra. Izan ere, arratsaldeko 18:00etan Olentzeroren desfilea ospatuko da. Aurten Mari Domingi ikusteko parada ere izango dugu. Izan ere, desfilearen lehen karrozan joango da, Olentzeroren karrozaren aurretik. Hauekin batera, galtzagorriak, erraldoiak, buruhandiak, umeak eta Gargantua izango dira. Horrez gain, Judimendiko joaldunak, esnezaleak, ikazkinak, egurketariak, artzainak eta dantzariak joango dira. Floklore Akademiako trikitixa, alboka eta txalapartarien musikak alaituko du ekitaldia une oro. Guztira, 375 parte hartzaile izango dira desfilean. Bertan bidezko merkataritzako piruletak banatuko dira.

 

Egingo den ibilbidea hurrengoa izango da: Iparralde gizarte etxea, Legutianoko atea, Frantzia kalea, Bake kalea eta Olagibel kalea, Espainia plazan amaituko da. Olentzerok eta Mari Domingik, galtzagorriekin batera, udaletxeko balkoi nagusitik agurtuko dituzte bertaratutakoak, eta haren kanta abestuko dute guztien artean, 19:00etan.

 

 

Urtarrilaren 5ean, aldiz, Ekialdeko Errege Magoak ailegatuko dira Gasteizko tren geltokira goizeko 11:00etan. 12:15tik 14:00etara eta 14:30tik 18:00etara Errege Magoek Goiuri jauregian egongo dira hiriko haurrak hartzeko. Egun magiko honi amaiera emateko, erregeek desfilea egingo dute arratsaldeko 19:00etan eta hurrengo kaleetatik pasatuko dira: Bilbo plaza, Frantzia kalea, Bake kalea, Ramon Ortiz de zarate kalea, Florida kalea, Ramon y Cajal kalea, Micaela Portilla kalea, Laskarai kalea eta Gasteiz hiribidea. Ekitaldi honetan hainbat elkarteek parte hartuko dute: Elkarte Afroamerikarra, Landatxoko Gizarte Etxeko “Auzo Dance” proiektua, Abetxukoko Inauterietako konpartsaren Elkartea, La Esperanza eskaut taldea eta Serezade. 

 

 

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago