Pozaren pozez jaso dut, beraz, albistea, euskararen etxeko ganbara alez ale bete eta hortik Gasteizko eta Arabako eremu guztietan ereingo dituzuelako, hauxe baita euskarak behar duena, hazi eta erabili.
Poza eta laudorioei bere lekua behin eskainita, bada gertaera honen inguruan ongi ulertzen ez dudan ataltxo ñimiño bat, euskararen etxearen beraren izenarena, hain zuzen ere. Oihaneder izena jarri diozue, izen itxurosoa bere bigarren osagaiak adierazten duen moduan. Baina, egokia Gasteiz edo Arabaren beraren hizkuntza-memoriaren ikuspegitik? Ez behintzat Arabako euskararen historia begiratzen badugu. Arabako euskarazko testu zaharrei eta toponimiari erreparatuz gero, ez dirudi bat datorrenik historian zehar erabilitakoarekin. Eta jarraian saiatuko naiz azken baieztapen honen arrazoiketa egiten.
Hasteko, Nicolao Landuccio italiarrak Gasteiz eta Ekialdeko Lautadako hitzak bildurik osatu zuen hiztegian (Dictionarium Linguae Cantabricae, 1562) ez da behin ere ageri ‘oihan’ hitza, bai ordea vassoa, mendian colladua eta ederra.
Gerardo López de Guereñuren Voces Alavesas liburuan ere ez da ageri ‘oihan’ eta bai, aldiz, basadiru eta basagarri (contribución que pagaban los pueblos de la comunidad de los montes de Izqui. Markinez), basaldico (guarda de monte cuando hay mucho pasto de bellota, Okariz). Autore berak, Euskaltzaindiak argitaraturiko Toponimia Alavesa liburuan bi aldiz soilik (oyana 1842, monte en Azáceta; oyanco, antigua ermita en Subijana de Morillas, baina oxanko Gasteizko Toponimia liburuan) ageri da ‘oihan’ izena eta ‘mendi’ eta ‘baso’, aldiz, barra-barra (150etik gora dira hasierako osagaia bata zein bestea duten toponimoak). Eta horien artean Basoederra (1703, término en Alegría).
Bestalde, Gasteizko Toponimia liburuan ez da behin ere ageri ‘oihan’ eta bai ‘mendi’: Mendia, Mendibea, Mendibidea, Mendiluce, Mendiluzpea, Mendiolabide, Menditxo, Mendizabala, Mendizabalostea, Mendizorrostea, Mendizorrotza, Mendizorrotza-Beti Jai (pilotalekuen eremuari jarrita urte asko ez direla). Eta basoa ere bai, jakina: Basoa (1533, 1602, 1690…).
Orotariko Euskal Hiztegian, gainera, oso modu zehatzean azaldurik ageri zaigu zein den aztergai ditugun hiru izen horien eremua, jarraian ikus dezakegun moduan:
1) oihan (G-nav, AN-gip-larr-araq-ulz-egüés-erro-ilzarb-olza, L, B, BN, Ae, Sal, S; …), oihen (BN-mix-ad; …), oijan,oixan (R), oxan (R-uzt).
2) mendi (gral.; Lcc, …), mindi (AN-5vill, BN-mix).
3) 1 baso (V, G, AN, B; Lcc, …).
Bila ditzakegu lekuko gehiago beste dokumentu batzuetan, baina ez dut uste emaitza ezberdinak jasoko ditugunik.
Niri neuri, aldameneko eremutik begiraturik (Sakanan bizi eta Agurainen lan egiten dut), hasiera-hasieratik eman zidan belarrira izena irakurri nuenean, dagokion lekutik kanpo izanen balitz bezala, eta horrexegatik ekin nion belarriaren ezinegonari lasaitua emateko arrozoiak bilatzeari. Tartean, Josean Buenoren azalpenak irakurri ditut eta ulertu ere ulertzen ditut, batez ere pentsaturik dagoeneko ezinezkoa dela beste ezer egitea.
Dena dela, eta idatzia ia amaiturik nuenez hauxe bidaltzea erabaki dut, beste batean erabilgarri izanen zaizuelakoan eta gainera, oraindik ere, Joseanek hasieran aipatzen duen ipuinaren arrazoiaz gain, gasteiztar ez garenondako horren ezagunak egin zaizkigun beste toponimo batzuekin (Mendizorrotza, Mendizabala…) bat eginen lukeela pentsatzeak hazkura berezia sortzen didalako belarrietan Mendieder esaten dudanean. Basoeder izenaren aldekoa ere izan zitekeen hautua eta gainera bada toponimo hori bera Dulantzin, baina eraikinaren kokapena ezaguturik, iruditzen zait mendiak basoak edo oihanak baino hobeki ordezkatzen dituela izenaren eta izanaren muina.
Amaitzeko, esan nahi dizuet ni neu ere jakitun nauzuela izena eta itxura bera baino askoz ere garrantzitsuagoa dela bere eginkizuna eta horretan animatzen zaituztet aurrera egiten, Euskal Etxea eta Herria eraikitzen jarraitzeko Euskararen Herriko txoko guztietatik.
Egilea: Jose Luis Erdozia