Haiek ziren astakeriak, haiek! Garai hartan ez zegoen eskoletan “barne araudirik” eta zilegi bazen edo, gutxienez ez zegoen gaur bezain gaizki ikusita, ikasleari belarrondokoa inoiz ematea. Are gehiago, etxean gurasoei irakasleari buruzko kexaren bat emanez gero, erantzuna hauxe zen: “zerbait egingo zenuen zuk irakasleak horrela jokatzeko zurekin!”. Egun, ordea, kontu horiek oso bestelakoak dira. Seme-alabek dute beti arrazoia. Txikitatik entzuten diete beren gurasoei “irakasle horrek ez du arrazoirik” eta badakite gurasoen babesa izango dutela irakasleen aurrean. Babeskeria.
Behin gurasoei buruz hitz egiten hasita, hurrengo keria bururatu zait: alferkeria. Hara hemen orain dela urte batzuk gertatutakoa: ikastolan gurasoentzako euskal jolasen ikastaroa antolatu genuen larunbat batean. Gurasoak ikastaroan egon bitartean, batxilergoko ikasleek zaindu behar zituzten beren seme-alabak. Horiek horrela, aita bat heldu zen bere alabatxoarekin eta hura ikasle nagusien zaintzapean uztera lagundu nuenean, hara hor non esan zidan: “Zein ondo! Alaba hemen utzi eta banoa sauna bat hartzera!”. Horren aurrean galdetu nionean ea ez ote zuen ikastaroa egingo, bere erantzuna honako hau izan zen: ”Ikastaroa? Zein ikastaro? Niri emazteak alaba hona ekartzeko esan dit baina ez dit inolako ikastaroren berri eman.” Horixe falta zaiena guraso batzuei! Asteburuko seme-alaben zaintza-zerbitzua beraiek sauna hartu ahal izateko! Eta gainera, ikastolan eta musu-truk! Nagikeria ala zabarkeria?
Bestetik, ikasleen eremuari kuku bat egin nahiko nioke. A zer nolako azerikeria erakusten duten batzuek azterketen aurrean! Boligrafo edo tipex potetxoetan txiki-txiki eginda eramaten dituzten txuletak, sakelekoekin argazkia azterketari atera eta kanpoan dagoen norbaiti galderak bidali erantzunak jasotzeko, etab. Hori maltzurkeria!
Xelebrekeria asko ikusi ditut urte hauetan guztietan nire ikastolan baina baita poztasun asko jaso ere. Ez dut zalantzarik: gaur ereiten ditugun aleek etorkizunean fruitua emango dute. Azken finean, keria guztiak tasun bihurtuko dira. Gaitz erdi!
Egilea: Arantxa González