Besa upategiak, Electra Vitoriak, Oreka IT-k, Agirre Lekue botikak eta Aner Garmendiak jaso dituzte Lazarraga Sariak

hirinet 2014ko abe. 12a, 01:00

Atzo lan munduan euskararen aldeko lana saritzen duten Lazarraga Sarien banatu ziren  Bibat museoan.

Bertan bildu ziren, besteak beste: sariak jasotzeko izendatuta zeuden finalistak; Eusko Jaurlaritzako, Arabako Foru Aldundiko eta Gasteizko Udaleko ordezkariak; eta Kontseilua eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko kideak.

Aurkezleen ongi-etorriaren ostean, Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak hitz egin zuen. "Araban euskara geroz eta espazio handiagoa betetzen ari" dela esan zuen Gutiérrezek eta "gero eta entitate gehiagoren komunikazio-tresna" bilakatzen ari dela.

 

Alor sozioekonomikoa euskalduntzeak duen garrantzia aipatu zuen Gutiérrezek: "Zergatik enpresa arloa? Zergatik alor sozioekonomikoa? Euskaraz lan egin, kontsumitu eta bizi nahi duten pertsonei hautu hori bermatzeko".

 

Euskarak enpresa barruko kohesioan laguntzen duela esan zuen Gutiérrezek eta horrek erakundeak indartsuago egiten dituela: "Merkatua globala da eta erakunde indartsuak ahulak baino hobeto posizionatuko dira merkatu horretan", gaineratu zuen.

 

Saridunak

·       Cándido Besa upategia (Eskuernaga)

Hizkuntza-paisaian euskara modu egokian gehien erabiltzeagatik nabarmendu den entitatea. 

Epaimahaiaren ebazpena: Eskuernagako Cándido Besa upategia bezeroak fidelizatzeko ez ezik euskararen normalizazioa ardogintzara zabaltzeko lanean ari da, eta merkatuan zabal dituzten botiletako etiketak ditu xede euskararen presentzia erakusteko, Arabako Errioxako ardoari, berez dagokion balio erantsia egotziz horrela. Kontseilu Erregulatzailearen etiketa muga izanda, ardoek euskal izenez bataiatzea ez da keinua soilik, ahaleginaren fruitu baizik. Upategiaren bestelako hizkuntza paisaian euskaraz ere badute, bisita gidatuak barne.

 

·       Electra Vitoria (Vitoria-Gasteiz)

Barne-harremanetan euskara modu egokian gehien erabiltzeagatik nabarmendu den entitatea.

Epaimahaiaren ebazpena: Duela zortzi urte lehen Euskara Plana indarrean jarri zuen, harrezkero nabarmen hazi da euskararen presentzia eta erabilera: errotulazioan ez ezik igogailuen ahots-sintetizadoreetan ere euskara presente dago. Ahots sintetizadore elebiduna instalatzen da igogailu berri guztietan, Electra Vitoriaren euskararen aldeko apustua bere bezeroengana ere helaraziz. Euskara normalizatzeko pausoak ematea posible dela erakusten du. Erreferente garbia da, euskararen alde urratsak txikiak izanagatik emaitza onak dituelako.

 

·       Oreka IT (Vitoria-Gasteiz)

Euskara sustatzeko ekintza berezi eta eraginkorren bat garatu duen entitatea.

Epaimahaiaren ebazpena: Oreka IT SAP aholkulariak Bai Euskarari Ziurtagiria "zerbitzua euskaraz" maila lortu du 2014an. Aholkularitza munduan eta SAP-en munduan euskara sustatzea zaila izanik ere, Oreka IT ari da saiatzen, SAP eta euskera elkartzen, Arabatik. SAPekin euskaraz lan egitea posible izateko lehen harria mugitzen hasia da. Gogoratu SAP produktua Araban enpresarik garrantzitsuenek dutela: Mercedes, Cegasa, Tubacex, Tubos Reunidos, Vidrala, Oskakidetza, EJGV, AFA...

 

·       Agirre Lekue Farmazia (Vitoria-Gasteiz)

Kanpo harremanetan euskara modu egokian gehien erabiltzeagatik nabarmendu den entitatea.

Epaimahaiaren ebazpena: Jendaurreko lanpostuetan euskaraz aritzeko gaitasuna duten pertsonak aurkitzen dira, batez ere euskarazko komunikazioa bermatzeko  eta lehenengo hitza euskaraz keinuaren bidez bezeria lotzen du. Bai Euskarari ziurtagiria dauka.

 

 

·       Aner Garmendia (Vitoria-Gasteiz)

Ekintza aipagarriren bat egiteagatik, hau da, ematen den hizkuntza zerbitzuan aldaketa bat egiteagatik nabarmendu den pertsona.

Epaimahaiaren ebazpena: Bada munduan ezaguna den merkatu garrantzitsu bat non Euskal Herriaren izena basque wrench ingelesez, clé basque frantsesez edota baskisch rollgabelschüssel izena daraman. Arabako giltzaz ari gara, historian erramintarik laudatuena. Berritzaile den produktu honen atzean EGA Master enpresa dago, eta gidari, Aner Gar mendia dago. Ega Masterren goi mailako eskuko erremintak eta ekipoak ekoizten, diseinatzen eta sortzen ari dela 20 urtetik gora baita, atzerrian gai den sena erakutsiz. Estatuko mailako marka liderren atlasean sartu da. Horren guztiaren atzean, Aner Garmendia dago.

 

 

 

 


 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago