Paula Palomares, arabiar dantza irakaslea: "Poz handia ematen dit antzinako arte hau gaur egungo publikoari transmititu ahal izateak"

hirinet 2014ko abe. 12a, 01:00

Paula Palomares 25 urteko neska gasteiztarrak arabiar dantzak egiten ditu. Dantza beti bere pasioa izan da; txikia zenetik dantza desberdinetan ibili da baina 2005. urtetik aurrera dantza arabiarrak egiten ditu.

 Gaur egun, asten zehar Gasteizen dantza klaseak emateaz gain, mundutik dabil dantzak irakasten baita hainbat ekitalditan parte hartzen ere.

 

Noiz hasi zinen dantza arabiarrak egiten?

2005ean emakume bat dantzan ikusi nuen lehen aldiz, plaza baten erdian. Koloreek, musikak, bere magiak liluratu ninduten. Benetan zoragarria iruditu zitzaidan eta, segidan, nere izebarekin batera ikasten hasi nintzen. Nire lehenengo irakaslea Sonia izan zen, gasteiztarra ere bai. Gaur egun, Egipton eta munduko ekitaldi nagusietan ikasten dut, ondoren nire ikasleei irakatsi ahal izateko.

Harrigarria bada ere, duela bi urte argazki zahar bat logelako apal batean aurkitu nuen. Bertan, arabiar dantzariaz mozorrotuta nago, sei bat urteekin! Zoragarria benetan!

 

Nondik datorkizu pasio hori?

Lehen azaldu dudan bezala, dagoeneko pasio hau nire barruan ezkutatuta neukan. Izan ere, 6 urte nituenetik dantzan ibili naiz (ballet, euskaldantzak, tangoa…). Pasio bat baino bizitza-estilo bat da niretzat.

Nire familia osoa oso dantzazalea izan da betidanik. Nire aitona-amonek pasodoble guzti-guztiak dantzatzen dituzte dantza- plazatan; nire osaba-izebak lindi-hop zaletuak dira; gurasoak tango irakasleak ere bai, eta azkenik, ahizpa saltsan aditua da.

 

Zehazki, zer motatako dantzak dira arabiar dantzak? Zeintzuk dira honen berezitasunak?

Arabiar dantza, izenak dioen moduan, herrialde arabiar guztietan dantzatzen da. Bakoitzak bere folklore eta dantza estilo propioak eta komunak ere dituzte. Baina antzinako jatorria Egipton dago. Bertako estiloa da nik lantzen dudana.

Asko dira dantza estilo honen abantailak. Nire gogokoenak: gorputzerako osasuntsua da, postura zuzentzen duelako; arimarentzat ere oso positiboa da, geure burua maitatzen eta geure gorputza atsegiten ikasten dugulako. Poza handia ematen dit nire ikasleak pozik ikustea ispiluaren aurrean dantzan.

 

Zer sentitzen duzu dantzatzen zaudenean?

Dantza hizkuntza bat da. Hitzaldiak ematen oso txarra naiz. Berriz, dantzaren bitartez nire emozioak eta pentsamenduak adierazteko erraztasuna daukat. Libre sentitzen naiz eszenatokian nagoenean. Poz handia ematen dit antzinako arte hau gaur egungo publikoari transmititu ahal izateak.

 

Jende askok praktikatzen ditu dantza hauek?

Gero eta emakume gehiagok praktikatzen dute arabiar dantza. Gizon dantzariak ere badaude, baina oso eskasak esan behar. Munduko herrialde ia guztietan praktikatzen den arte bat da. Shakirak modan jarri zuenetik batez ere. Gainera, asko gara kontinente batetik bestera bidaiatzen dugun ikasle “frikiak“.

 

Nola eta noiz erabaki zenuen beste pertsonei arte hau irakastea ?

Nire lagun batekin dohaineko dantza klaseak ematen hasi nintzen, Fibromialgiako zentro batean. Horretaz aparte, egia esan, irakasle gisa ia bultzaka sartu nintzen. Nire lehenengo irakasleak ezin zituen bere klase guztiak eman, eta nire laguntza eskatu zidan. Ordutik, irakasten ibili naiz, bai hemen baita beste herrialde desberdinetan ere. Adibidez, Budapesten klaseak ematetik nator, eta Estokolmon izango naiz laster irakasle gisa ere bai.

 

Zein motatako ikasleak dituzu?

Munduko ikasle politenak eta alaienak ditudala esan dezaket! Orain arte ez dut gizonik izan nire klaseetan, gustatuko litzaidakeen arren. 12-60 urte tarteko haur eta emakumeak ditut nirekin (dantza hau adin guztietarako osasuntsua eta gomendagarria da). Bakoitzak bere nortasun propioa eta berezia du, baina guztiek batera oso talde polita osatzen dute. Gainera, lagunak dira euren artean, pasio bera konpartitzen duten seinale. Ni ezta ere ez naiz irakasle sentitzen askotan, lagun bat baizik, guztiok dantza-familia bat osatu dugu eta.

 

Ekitaldi ezberdinetan parte hartzen duzula esan duzu, non bada?

Normalean Gasteiztik kanpoko nazioarteko ekitaldietan  hartzen dut parte. Adibidez, 2015ean, New York, Cairo, Budapest, Venezia, Milan edo Bartzelonako ekitaldi handietan izango naiz, benetan zoragarria eta flipantea!

Baina nire hirian ere hainbat ekitaldi ospatzen ditut urtero: ikasle-ikuskizun bat, arabiar jai pribatu bat ikasle eta zaleentzat, tailerrak, klase benefikoak, etab.

 

Dantza arabiarrak ez dira oso ezagunak Gasteizen, beraz, jendea nola apuntatu daiteke?

Bagara hiru edo lau arabiar dantza irakasle hemen Gasteizen gaur egun. Bakoitzak bere estilo propioa du. Nire kasuan, Seneca Andaluziar Zentruan (Lakuan) eta Rodas Gimnasioan ematen ditut klaseak. Emailaren bidez ere kontakta daiteke nirekin: paulagasteiztarra@yahoo.es  guztiak gonbidatuak zaudete nahi duzuenean klase bat frogatzera! Dantza zoriontasuna da, zatoz zure zoriontasuna gurekin konpartitzera!

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago