[GUTUNA] Epaiketen aurrean konpromisoak batzen jarraitzeko garaia da

hirinet 2014ko abe. 10a, 01:00

Badira bi hilabete eta erdi Audientzia Nazional Espainiarrean gure kontrako epaiketa hasi zenetik, baina badira lau urte luze baino gehiago gure bizitzak goitik behera aldatu zituzten gertaerak hasi zirenetik.

Duela lau urte, gaur egun bezala, militante politikoak ginen, horregatik atxilotu, torturatu eta espetxeratu gintuzten. Horregatik epaitzen gaituzte egun.  Espainiar botereei min ematen dielako gazteria konprometituak eta hori argi uzten du gurea bezalako prozesuekin.

Gure epaiketan eta herri honen kontra egiten diren guztietan, helburu eta jarduera politikoak epaitzen dira, eta helburu politikoak betetzen dituzte estatuarentzat ere. Horregatik diogu epaiketa politikoak direla, eta horregatik diogu behin eta berriz, haiekin amaitu behar dela.

 

Audientzia Nazionala salbuespen epaitegi bat da, euskal disidentzia epaitzeko helburuarekin jaio zena, eta egun ere horretan diharduena. Horregatik, behingoz eta betirako, Audientzia Nazionala itxi behar da, gatazkaren parte delako eta bere honetan sakontzen jarraitzen duelako.

Ezin ahaztu dezakegu  Auzitegi honek, gure eta ehunka euskal herritarren, torturetan duen erantzukizuna. Izan ere, gure epaiketan entzun ahal izan den moduan, estatuko botereek, judizialak barne, torturak babesten dituzte.

Gure kontrako epaiketa guztia oinarritzen da guk geuk, zein beste sarekada batzuetako kideek, poliziaren atzaparretan jasandako torturen ondorioz egindako inkulpazio eta autoinkulpazioetan.

Hauexek dira gure kontra dauden “froga” guztiak.

 

Gisa honetako epaiketak Euskal Herriak bizi duen gatazkaren beste ondorio bat dira. Presoen afera, esate baterako, ere den bezala, eta horregatik dispertsioaren kontra borrokatzen garen moduan, borrokatuko gara epaiketen kontra ere, estatuaren mendeku gosearen erakusle baitira biak.

 

Euskal Herria da gure borrokarako esparrua, argi baitaukagu epaiketekin amaitzea lortuko badugu, soilik euskal herritarron indarrarekin izango dela. Horregatik batu gara herriz herri lanean diren “Libre Asanblada” edo “Herri Harresi” desberdinetan.

Horregatik ere ikusten dugu desobedientzia estatuaren gehiegikeriei erantzuteko tresna baliagarria dela. Ikusi  besterik ez dago mahai gainean daukagun azken kasua, Jone Amezaga gaztearen kasua (hau ere bere militantzia politikoagatik zigortua), non Ertzaintzaren eta Auzitegi espainiarraren beldurra agerian geratu den. Herriaren konpromisoaren eta indar erakustaldiaren beldur, bere atxiloketa agindu dutelarik.

 

Askeguneetan, asanbladetan, mobilizazioetan, herri harresietan... parte hartzen ari diren milaka herritarrei eskerrak ematea baino ez zaigu geratzen. Haien guztien babesa, maitasuna eta konpromisoa sentitu baitugu prozesu honek guztiak iraun duen fase guztietan.

Baina zoritxarrez hau ez da gure epaiketa amaitzearekin bukatuko, datorren abenduaren 18an, epaiketako azken egunean, Euskal Herriaren babesa izango dugu berriro ere, Euskal Herritik espreski Madrilera elkartasunez beterik joango diren autobus horiekin guztiekin.

Baina, sententzia etorriko da eta baita epaiketa berriak ere, horregatik jarraitu behar dugu elkartasunetik haratago, konpromisoak batzen.

Hauxe bera da Gasteizko kaleetan datorren abenduaren 20an aldarrikatuko duguna, konpromisoak batzen jarraitzeko  momentua dela.

Hori dela eta gu bertan egongo gara, eta epaiketa politikoekin amaitzeko beharra ikusten duen eta gatazkaren konponbidearen alde egin behar dela pentsatzen duen herritar orori dei egiten diogu guregana, Gasteizko Harresiaren deialdi honetara, batu dadila.

Konpromisoak batuz, epaiketak gelditu. 28ak ere Libre!!

 

Sinatzaileak: Aiala Zaldibar, Bergoi Madernaz Marina Sagastizabal, Ainhoa Villaverde eta Igarki de Robles.

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago