'Ene Begiak Eme' ikuskizuna aurkeztuko du Aiaraldea Komunikazio Lehioak igandean Amurrio Antzokian

hirinet 2014ko abe. 10a, 01:00

Datorren igandean, hilak 14, izango da Aiaraldea Komunikazio Leihoak sortu duen "Ene begiak eme" ikuskizuna.

 

Guztira, eskualdeko 40 pertsona taularatuko ditu emanaldiak, eta arte diziplina ezberdinak uztartuko ditu. Generoaren eraikuntza eta deseraikuntza izango ditu ardatz, emakumeek bizi dituzten egoera ezberdinak oholtzaratuz. Besteak beste, ipuin musikatuak, antzerkiak, dantzak eta zuzeneko musika emanaldiak izango dira. Hala, formatu ezberdinen bidez jaiotza, haurtzaroa, gaztaroa, hilerokoa, erotismoa, maitasuna, zahartzaroa... landuko dituzte.

Irailean hasi zituzten igandeko emanaldirako prestaketa lanak. Sarrerak eskuratzeko lehiatila 18:00etan irekiko da, eta 3 euro balioko dute. Emanaldia 19:00etan hasiko da, eta pase bakarra egingo dute. Bertaratzerik ez dutenek DVDan argitaratzera itxaron beharko dute, grabatu egingo baitute. Aurreratu dutenez, gabonetan jarriko dute salgai.

 

 

Aiaraldea Komunikazio Leihoak sortzen duen hirugarren emanaldia da "Ene begiak eme". Aurrez, "Lili bana Mikelentzat" eta "Euskararen leihoak" ikuskizunak egin izan ditu. Aurrenekoan, Mikel Laboari omenaldia eskaini zieten aiaraldeko artistek. Bigarrenean, berriz, euskara izan zen protagonista. Igandean taularatuko duten lanean, ordea, emakumeak izango dira nagusi. Era honetan, baloreak landuz eskualdeko artista ezberdinei euskara eta oholtza eskaintzen die elkarteak. Aiaraldea.com-ek jarraipen berezia egingo du. Datorren astean egongo dira ikusgai emanaldiko argazki eta bideoak.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide