Teknologia berriak, irtenbide zaharra

hirinet 2014ko abe. 11a, 01:00

 “Sare sozialek min handia egiten diete gaur egungo gazteei.”, “Bideojokoek haurtzaroarekin bukatu dute!”, “Sakeleko telefonorik gabe askoz ere hobeto bizi ginen!”…

 

Horrelako baieztapenak entzutea gero eta ohikoagoa da egungo gizartean, baina, egia al da hori? Teknologia berriak gure bizitza errazteko sortu direla suposatzen den arren, zeren arabera esan dezakegu kaltegarriak ala onuragarriak diren guretzat?

 

Behinik behin, gure gizartean zein hedatuta dauden ulertzeko, hor doaz datu batzuk: Eustat-en arabera, Araban, biztanleriaren %69k egunero erabiltzen du interneta, eta are gehiago, 15-25 urtekoen artean ia denek erabiltzen dute egunero (%98k hain zuzen ere). Beraz, argi dago teknologia berrien erabilera gure gazteen artean guztiz zabaldua dagoela, baina aurreko zalantzara bueltatuz, txarra al da haientzat?

 

Ezin da ukatu internet edo sakeleko telefonoek onura neurgaitzak ekarri dizkigutela, hala nola, informazio kopuru izugarria eskura izatea edota guretzat hain garrantzitsuak diren pertsona horiek nahi dugun momentuan eta edonon lokalizatu ahal izatea. Hala ere, ordaindu beharreko prezioa altuegia da kasu batzuetan: pribatasun falta, dependentzia, etab.

 

Horiek horrela, hausnarketa beste ikuspuntu batetik egiten saia gaitezke. Noizbait, egun hain onartu eta zabalduta dauden kotxeak ere, teknologia berriak izan ziren. Lehenengoz kaleetan erabiltzen hasi zirenean eta lehenengo oinezkoak harrapatuak suertatu zirenean, ziurrenik ez ziren gutxi izango hurrengo hau esan zutenak: “Infernuko makina hauek denok akatuko gaituzte!”. Denborak aurrera egin duen heinean, gizarteak ikasi du kotxeek onurak ekartzen dituztela, eta gaitzen bat sortzekotan, hauen erabilera desegokiagatik izanen dela, esate baterako, gehiegizko abiadura, mozkortuta gidatzea, etab. Hau da, kotxeen parterik arriskutsuena gidaria bera dela.

 

Ildo horretatik jarraituta, kotxeek gizarteari min egiten al diote, ala gaizki hezitako gidariak dira errudunak? Hortaz, non dago egungo teknologia berrien eta kotxeen arteko ezberdintasuna? Gida-baimenean soilik? Are gehiago, zer bermatzen da gidatzeko karneta izanez?

 

Galdera asko eta erantzun gutxi. Laburbilduz, esan genezake teknologia berriek onura eta arazo berriak ekarri dizkiotela gure gizarteari, baina onura horietaz legez gozatzeko edota arazoei behar bezala aurre egiteko, gizadia bezain zaharra den irtenbidea daukagula gure esku, bide batez, aurreko galdera gehienen erantzuna ere badena: HEZIKETA.

 

Egilea: Aritz Campos

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago