Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea: "Akordioak guztiekin lortzea da asmoa, baina sozialistek dute lehentasuna"

hirinet 2015eko ekainaren 19a

Hirugarren indarra izanik, ezustekoa ekarri du Gasteizko Udalera Gorka Urtaranek (Gasteiz, 1973), alkatetza eskuratu baitu EH Bildu, Hemen Gaude eta Irabaziren babesarekin.

 

Alkate bulego berriko hormak margotu eta gela zaharreko dokumentuak ekarri ondoren, "politika zaharrekin amaitu" eta hasi berri den legealdian "beste era batera" egin daitekeela erakutsi nahi du.

 

Hasi den legealdia amaituko ote zenuen zalantza zenuen hauteskundeak igarota, eta alkatea zara orain. Zerk izan du eragin handiena erabakia hartzerako garaian?

Alderdikideen babesa oso garrantzitsua izan da, zalantzarik gabe. Baina nik beti esan dut alderdiaren esanetara nagoela eta erabakitzen dutenaren arabera jarraitu edo aterako naizela. Etapa berri baten hasieran gaude. Ikusi dugu herritarren gehiengo batek aldaketa hori egitea eskatzen zuela eta lortu egin dugu. Hemendik aurrera denon artean gauzak beste era batez egiteko gai garen ikusi behar dugu.

 

PSEk aditzera eman du akordioak lortzeko prest dagoela EAJrekin baina agian gobernu akordiorik ez dela izango.

Ni baikor nago. Uste dut akordio bat lortu dezakegula, alderdi sozialistarekin hemen dugun harremana ona delako; hainbat ataletan bat gatoz, tartean gizarte politiketan edota elkarbizitza berreskuratzearen premiari dagokionean.

 

Alderdikideek ulertuko lukete babesa eman ez dizunari babesa ematea?

Uler dezakete kontuan hartzen badute zergatik eman zuten joan den larunbateko abstentzioa; ez ziren abstenitu hemen Gasteizen arazoak ditugulako, kanpoko beste arrazoi batzuengatik baizik eta, beraz, alde horretatik lasai nago.

 

 

Erabakia Gasteiztik kanpo hartu izanak mesfidantza sortu al du haiekiko?

Ikusi beharko dugu aurrerantzean nola jokatzen duten. Nik hasieratik esan dut eskuzabaltasunez jokatu behar dugula, zuhurtziaz eta baita apaltasunez. Nire asmoa da alderdi guztiekin adostea udal politikak, baina lehentasuna dute une honetan sozialistek, harekin baita Euskadi mailako akordioa, eta horrek bermatuko baitu egonkortasun politikoa. Haiek ez badute bat egiten, halere, beste aukera batzuk aztertuko ditugu.

 

Zein da EH Bildu eta EAJren arteko talkaren arrazoia?

Orain arte bi alderdiek izan duten harremana ez da ona izan eta uste dut denbora bat pasa behar dela. Gasteizen ikusi dugu zer nolako zailtasunak izan ditugun  eurekin akordioak lortzeko; nik ezin nuen ulertu zergatik EH Bildurekin bakarrik adostu genitzakeen presoei buruzko mozioak eta beste ataletan bat bera ere. Ea hemendik aurrera lortzen dugun bi aldeak pixka bat gerturatzea.

 

PPren azken egunetako jarrera ikusita, nolakoa izango da harekin harremana aurrerantzean?

Ez diot garrantzia handiegirik eman nahi hasiera batean ulergarria izan daitekeelako jarrera hori. Baina hemendik aurrera ikusi beharko dugu Gasteiz PPrentzat gauza guztien gainetik dagoen ala ez, eurek esan moduan.

 

Udaleko kontuak ikuskatzea eskatu duzu. Behar moduan ez dauden susmoa duzu?

Badirudi gauzak ez daudela oso ondo, baina ez dut aurreratu nahi. Kezkatuta gaude hainbat zerbitzuk ez dituztelako baliabide ekonomiko nahikorik urte osorako, Tuvisa autobus zerbitzuak esaterako, eta horregatik jakin nahi dugu lehenik eta behin zein den egoera ekonomikoa.

 

Diru sarrerak bermatzeko errentaren inguruko eztabaida bertan behera geratuko al da aurrerantzean?

Uste dut atzean utzi behar dugula eta horretarako hainbat gauza egin behar dugu. Aurreiritziekin bukatu behar dugu eta horretarako informazio zuzena eskaini behar dugu; gizarte laguntzen kudeaketa hobetu beharko dugu eta horretan ari da Jaurlaritza, beharrezko aldaketak egiten, horretarako murrizketarik egin beharrik gabe; eta bestetik, elkarbizitza  sustatu behar dugu Gasteizen eta lan horretan Norabide zerbitzua iruditzen zait oso garrantzitsua dela.

 

Zer beste lehentasun dituzu?

Enplegua da horietako bat. Une honetan 20.000 gasteiztar dago langabezian. Kualifikazio prozesuak abian jarri behar ditugu hezkuntza profesionaleko alorreko kideekin eta enpresei ere lagundu behar diegu eurak direlako lanpostuak sortzen dituztenak; ez dute ulertzen egun batetik bestera euren jardueran %41eko zerga igoera izatea.

 

Tranbia izango da hurrengo urteetako apustuetako bat?

Tranbiaren sarea osatzen joan behar gara eta, horretarako, lehentasunezko bideak zeintzuk diren argitu behar dugu. Angulematik Fakultatera doan linea eta Salburura doana dira nire ustez lehentasuna dutenak. Datozen lau urteetan bi lerro horiek abian izatea espero dut.

 

Datoko tren geltokiaren proiektuarekin jarraituko duzue, PPk adostu moduan?

Noski. Proiektu ona da Gasteizentzat eta hala bada mantendu egingo dugu. Tren geltokia berritu beharko dugu AHTa jasotzeko, baina Dato kalekoa mantenduta. Tranbia Fakultatera gerturatzerakoan, gainera, espazio interesgarria izango da Las Trianas ingurukoa trena eta tranbiaren arteko intermodala egin ahal izateko.

 

Fracking-aren kontra agertu zara hainbatetan. Fracking-ik gabeko udalerria izango da Gasteiz?

Zalantzarik gabe. Esan dut beti fracking-aren kontrakoa naizela, alegia ezin dela egin ez esploraziorik ezta esplotaziorik ere. Horregatik, EAJk proposatu zuen geldialdia niri ondo iruditzen zait, oso tresna baliogarria baita momentuz fracking-ari ez esateko, Madrilgo gobernuak inolako trabarik jarri ez dezan. Beste erkidego batzuetan ikusi dugu debekuarekin arazoak izan direla, debekua bertan behera utzi dutela eta horregatik geldialdia tresna baliagarria zen fracking-ari horma bat jartzeko.

 

Kulturari dagokionez, zein da lehentasuna?

Tokiko kultur elkarteekin harremana eta lankidetza berreskuratzea. Azken urte hauetan hori ez da landu eta aukera asko galdu ditugu gure sortzaileen lana ikusteko eta balioan jartzeko. "Eratzen" izeneko etxe bat prestatzea pentsatzen ari gara, kultura sortu eta bultzatzeko, baina aurretik ekarpenak jaso nahi ditugu.

 

Euskara erdigunean jartzeko zer pauso emango dituzue?

Euskara Udalaren esparru guztietan izan behar da. Kultura programetan, antzerkietan, jaietan; eskaintza orain artekoa baino handiagoa izan behar da. Eta erabilera bultzatu behar dugu, hemen gauden ordezkarietatik hasita.

 

 

 

Egilea: Anakoz Amenabar. Arabako ALEA

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago