Arrazoi historikoak ere tarteko direla uste dut, hau da, tradizio errotu samarra dela Gipuzkoako eskualde horretatik herritarrak Gasteizera etortzea, garai bateko neskametza dela, ikasketak direla, lana dela, erdara ikastera… Eta alderantziz ere bai: gasteiztar ugarik Arrasate inguruko fabrika munduan izan dute eta dute ogibidea. Joan-etorri horretan, askotxo dira bikote mistoak, edo familia eta lagunarte giroko sarea ehundu duten pertsonak, azkenean halako soziologia berezi bat sortuz.
Ni Tolosaldekoa naiz, sortzez. Eta guretzat, aldiz, mundua Otzaurten amaitzen zen, San Adriango zuloan edo Aratzeko tontorrean. Handik hego-mendebaldera begiratuta, “han, urrutian, Gasteiz”, esaten ziguten neska-mutil koxkorretan, eta guk, geure ezjakintasunean, Kixoteren sorterria irudikatzen genuen lautada zabal hartan barrena, galsororik galsoro. Guretzat Gasteiz urrutiegi zegoela, alegia.
Jata, jat edo xat, mintzaera hori dutenak, berriz, erdi-arabar dira niretzat. Eta, euskararen bilakaeran, erdigunean ez baina hortxe alboan, bultzaka daudela iruditzen zait, ohartuki nahiz ohartu gabean. Geroan ere halaxe egotea espero dut, garai bateko mendibideen ordez gaurko errepideek hartu-eman hori erraztu egin beharko bailukete. Eta poztekoa da, Debagoienean euskararekiko atxikimendua beste eskualde batzuetakoa baino biziago dagoelako. Asteburuetan, Decathlon-en, Corte Inglés-en edo zernahi kale bazterretan buelta bat ematea besterik ez dago, belarriak jataz betetzeko, zer bezero jende ibiltzen den ohartzeko (horrek ere eman beharko lieke zer pentsatua saltokiei bezeroari begirako estrategiak diseinatzeko, hizkuntz irizpideak, adibidez).
Horregatik guztiagatik, uste dut Arabako euskararen soziologian eta beraren geroan jat-jata-xat tribukoak zutarri inportante bat direla, eta, horrenbestez, Debagoiena Arabako bederatzigarren kuadrilla izendatzea pentsau jata.
Egilea: Martin Rezola
Jata, dare, laga… ez dira batere arrotzak Gasteizen “euskal belarria” erne duen edonorentzat. Kalez kale zabiltzala, taberna giroan edo dendarik denda erosketak egiten, Debagoieneko doinua Gasteizko paisaia linguistikoaren zati bat dela esango nuke.