“Gehiegikeriak” ekidin nahi ditu Marotok eta helburu horrekin 30.000 sinadura bildu behar ditu Herri Ekimen Legegilea abiarazi eta proposaeman Legebiltzarrera eraman ahal izateko. Honen bitartez, DSBE jasotzeko bete beharreko irizpide batzuk moldatzea du xede, batez ere, etorkinei eragiten dietenak. Hala nola, gutxienez hamar urtez “legezko egoeran” erroldatuta egotea EAEn eta deliturik ez izatea, baita aurretik Gizarte Segurantzan kotizatu izana ere (azken baldintza honek etorkinei zein gasteiztarrei berdin-berdin eragingo lioke).
Aipatzekoa da Gasteizko alkateak orain aldatu nahi duen legea 2011n onartu zela, PPren eta PSEren bozekin. Erreforma egin baino lehenago nahikoa zen urtebetez erroldatuta egotea, gainontzeko baldintzak betez gero, gutxieneko errenta kobratu ahal izateko. 2011n PPk eta PSEk onartutako erreformaren ostean, aldiz, urtebetetik hiru urtera igo zen erroldatze baldintza. Gaur gaurkoz, Marotok hamar urteko erroldatzea eskatu nahi du.
EAEn bozka eskubide daukan edonork sina lezake, nahiz eta bilketa Gasteizen zentralizatuko litzatekeen. Alkateak oraindik ez du zehaztu non, noiz eta nola gauzatuko den proposatu duen sinadura bilketa hau.