Okintza, prestakuntza eta komunikazioari lotutako pertsona talde batek antolatu du aipatu jardunaldia eta besteak beste, Artepan, Egibide, Idea Papel Tijera, Arkupe jatetxea, Slow Food Araba edo 220º sukaldaritza espazio alternatiboa aurkitzen dira antolatzaileen artean. “Ogiarekiko pasioak batzen gaitu”, adierazi dute. Horrela, urriaren 18an ogiaren hiriburu bihurtuko da Gasteiz eta okin ospetsuak, ogia lantzeko prozesu desberdinak edota ogia grastronomian bezalako gaiek osatuko dute egun bateko egitaraua.
Ogiak gure bizian duen rolaren garrantzia aldarrikatzeko jaio da ekimen hau. “Gure elikaduran merezi duen protagonismoa eman nahi diogu ogiari eta, horretarako, okintza prozesuan (lurretik labera) parte garrantzitsu diren pertsona ugari jasoko ditugu gure inguruan eta horiekin solasean aritu, eztabaidatu eta partekatu nahi dugu, ogizale guztien eredu gisa”, azaldu dute antolatzaileek.
Mahai-inguruak eta tailerrak izango dira egun osoko egitarauan, profesional, zaletu eta ikusnahiei zuzenduta. Horien artea, GEU elkartearekin elkarlanean eskainiko den ‘Ama-orea urratsez urrats eta zoratu gabe’ mikro-tailerra dugu (euskaraz). Ama-orea hartzidura natural baliotsua da, hori gabe ez genuke ogirik ezagutuko. Irin eta ur nahaste hartzitu hau egiptoarrek deskubritu zuten eta, benetan, ogi onaren funtsa da. Prezioa 3 eurokoa da eta izena-ematetea beharrezkoa (erredakzioa@hirinet.net / 945222153 (GEU elkartea).
Informazio gehiago: 1. Ogizaleen Jardunaldia