Jamal Juma ‘Stop the wall’ erakundeko zuzendariak hitzaldia eskainiko du Gasteizen

hirinet 2014ko urr. 9a, 02:00

Astelehenean, hilaren 13an, Jamal Juma izango dugu hizlari Gasteizen, Martxoak 3 Memoria gunean.

 

Jamal Juma Jerusalemen jaio eta Birzeit Unibertsitatean (Ramallah) burutu zituen ikasketak. Bertan ekin zion bere militantzia politikoari. 2002 urtetik Apartheid Harresiaren aurkako Kanpainako koordinatzailea da Palestinan; eta STOP THE WALL erakundeko zuzendaria. STOP THE WALL taldeak harresiaren eta kolonien aurkako tokian tokiko komiteak koordinatzen ditu Zisjordaniako herrietan. Halaber, ikerkuntza, dokumentazio, kartografia eta informazio lan eskerga egiten dute nazioarte mailan Apartheid Harresiaren ibilbideaz, populazioaren eguneroko bizimoduaren gaineko eraginaz, lurren lapurretaz, nazioarteko enpresekiko harremanez, etab. Gainera, tokian tokiko komiteekiko elkarlanean, ekintza zuzena ez-bortitza dinamika oso potentea jarri dute abian Zisjordaniako herri askotan. Lan horregatik guztiagatik, 2009ko abenduan Israelgo armadak Jamal atxilotu eta kartzelaratu egin zuen. Atxiloketak nazioarteko elkartasun kanpaina handia eragin zuen, eta horren ondorioz, handik gutxira, 2010eko urtarrilean aske utzi behar izan zuten. Geroztik buru belarri dirau Apartheidaren aurka lanean.

 

Urriaren 13an, 19:30ean, Martxoak 3 Memoria gunean, Gasteizen, hizketan izango dugu, EH-Palestina Sareak gonbidatuta.

 

Irudia: palestinalibre.org

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago