Eta bat, gutxienez, euskaraz?

hirinet 2014ko urr. 7a, 02:00

Hegaztien Nazioarteko Egunarekin batera, Txoriastea izeneko jardunaldia antolatu zuen joan den astean Gasteizko Udalak SEO-Birdlife elkartearekin lankidetzan: hiru film eder Florida zineman, bi hitzaldi interesgarri Atarian, eta ibilaldi ornitologiko bat Salburuan. Izena kenduta, gaztelaniazko monokultiboaren irizpideaz, jakina.

 

Biodibertsitateaz ari garela, ekologiaz eta abarrez, sentiberatasun falta itzela ikusten da horrelakoetan (alde batera utziko dugu herri-administrazioak behartuta daudela, legez, euskararen erabilera bultzatzera eta sustatzera beren jardunean). Ekitaldi guztien artean bat euskaraz izan dadila eskatzea asko eskatzea al da?

 

Ez da kontu berria. Garai batean “Álava natural” izeneko jardunaldi batzuk antolatzen ziren, oso onak, eta orduan ere berdin (areago, gogoan daukat Euskaltzaindiko akademiko arabar bat hitzaldi bat baino gehiago emanez, erdaraz, gure probintziako aberastasun botanikoari buruz). Kanpoko zientzialariak ekartzea ondo dago, eta horiei ezin eskatuko diegu euskaraz eman dezaten beren mintzaldia; baina bertakoak ere badaude, oso interesgarriak, eta haietako asko euskal hiztunak dira. Ez bada egiten, borondaterik ez dagoelako da. Lehengo Vitoriatik gaurko Vitoria-Gasteizera tarte handia dago. Garaiak asko aldatu dira, baina ohiturak, zoritxarrez, batere ez.

 

Gaia deserosoa da, eta ixkin egiten diogu, baina arazoa hor dago: egin daiteke naturaren aldeko lan dibulgatzailea, erakundeetatik, euskara aintzat hartu gabe? Bultza daiteke ondare paisajistiko eta biologikoaren aldeko sentsibilizazioa hizkuntz ondareari ipurdian ostiko bat emanda? Zabaldu daiteke herritarren artean biodibertsitatearen aldeko mezurik, praktika monolingue kastellanofono hutsaren bitartez? Nik uste dut ezetz.

 

Kontraesan hori agerian jarri nahi nuke. Honela dio David Crystal izeneko britainiar hizkuntzalari ezagun batek: «Ez dago zalantzarik egoeraren larritasunari buruz; proportzioan, hizkuntzek animalia eta landare espezieek baino arrisku handiagoa dute desagertzeko. Inork ez du esaten hurrengo mendean zehar espezieen erdiak desagertuko direnik.» Eta gogorarazi nahi nuke arriskuan dauden hizkuntzen artean sailkatzen duela euskara Unesco erakundeak (hori bai, arrisku maila txikiena duten hizkuntzen multzoan). Halaxe da, hemen eta kanpoan: Estatu Batuetan, adibidez, askoz diru gehiago inbertitzen da Kaliforniako kondorraren iraupena bermatzeko, bertako hizkuntza autoktonoenetan baino (eta bejondeiola kondorrari!).

 

Imajinatzen ditut Gasteizko udal-agintariak: «5.000 euros para la tercera edad; 7.000 para el medio ambiente, y 3000 para el euskera». Eta gauzak ez dira horrela. Mundua ez doa bide batetik eta euskera beste batetik. Transbersalitatea deitzen zaio.

 

Egilea: Martin Rezola

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago