Liburuaren paratestuari erreparatuz gero, Egon Schieleren autorretratua topatuko du irakurleak azalean. Margolariaren koadroko biluztasunak iradoki legez, sexuaz eta gorputzaz baliatu da, neurri handi batean, Sarriugarte liburuko pertsonaia nagusiaren erraiak aurkezteko. Horrela, irudi luke gorputza dela gure territorio libre bakarra, norberaren sentimendu eta kezkak azaleratzeko bide bakarra, hala Schieleren nola Sarriugarteren unibertsoan, bederen.
Nire iritziz, idazle elgoibartarraren xede agerikoena da emakumezko protagonistari buruan dabilzkion hausnarketen bitartez egungo gizartea aztertzea eta galdera “desatseginak” mihi-bilorik gabe plazaratzea: zergatik ez diegu bikotekide, senide, koadrila eta bestelakoekiko mendekotasun-harremanei aurre egiten? Zertan datza askatasunaren eta alienazioaren arteko muga? Zertan zorionaren eta eromenaren artekoa? Zer da bizitza Eros eta Tanatosen arteko harremana ez besterik? Ezinezkoa ote maitasuna eta desioa uztartuko dituen oreka behingoz kausitzea?
Galdera horiek eta beste asko ezkutatzen dira narratzailearen hitzen atzean. Berau lehen pertsonan mintzo zaigu, orainaldian sarri, baina baita lehenaldian ere, bere pentsakizunek iraganera jauzi egiten dutenean. Oraina, iragana eta etorkizuna aise bereizteko kapituluen goiburuetara jo besterik ez du irakurleak; izan ere, -4, -6 eta antzeko minusdunek iragana islatzen dute, 0 zenbakiak oraina eta 0,01ek etorkizuna. Kapituluak ez dira kronologikoki ageri, Claude Simonek, Güell parkeko mosaikoen desordena gogoan, esan zituen hitzei men egin nahian bezala: “memoria plater hautsi bat da”.
Era berean, etxe bateko testuinguru hertsian kokatu behar dugu pertsonaia nagusia. Haren oroitzapenek, aldiz, Euskal Herriko lekuak (Gasteiz, Bilbo...) dituzte hizpide oro har, eta ohikoak dira bertako taberna eta parranda giroak.
Pertsonaiek ez dute izenik eta letra hutsak besterik ez dira kasu guztietan (X eta Y mutil-lagunak, U oso laguna, A eta B lagunen lagunak, P Berlingo laguna...), Kafkaren K. ezagunaren zein beste zenbaiten gisara. Aitzitik, esango nuke narratzailearen gurasoak direla hizki hutsezko existentziara mugatzen ez diren bakarrak, izen berezirik izan ez arren eta pertsonaia nagusiak egoera jakinetan dien herra gorabehera “gurasoak” direlako, ama eta aita, ez K. eta L. edo M. eta N. Esan gabe doa pertsona horiek guztiak narratzaile anonimoaren inguruan jira-biraka dabiltzala, amaigabeko zurrunbiloan nola.
Oso gutxi dakigu haiei buruz, eta beste hainbeste esango nuke pertsonaia nagusiaren inguruan, haren bizitza sentimental eta sexualaz kanpoko erreferentzia zuzenak ez baitira arras ugariak: emakumezko gaztea da, Berlin eta Denverren bizi izandakoa, ikasketak bukatu eta Euskal Herrira itzuli dena, Gasteizen masterra egin du... Bere hitzetatik ondoriozta dezakegu, ordea, hiper-arrazionala eta oso kritikoa dela, guztia –gorputzetik hasita– kontrolpean izan nahi duela eta horregatik haserretzen dutela hainbeste mendekotasun egoerek. Badirudi alkoholean eta sexuan bilatzen dituela askatasuna eta zoriona, baina haiekiko dependentziak berak ere amorratzen duela. Ildo beretik, gizonezkoak zakil huts-tzat ditu eta gauza bera dira berarentzat ligatzea eta ehizan aritzea, gizonak ehizakiak diren neurri berean...
Erreferentzia faliko zein analek eta beste elementu batzuek (ama totala, espetxe afektiboa, neurosia etab.) psikoanalisiaren oihartzuna dakarkigute ezinbestean gogora, Freud, Jung, Lacan etab. Kakarekiko obsesioak (solo me apetece cagar) ere bide beretik lerra gintzakeela uste dut.
Laerzioko Diogenes historialari klasikoaren arabera, Heraklitok berak ere kakaz estalarazi zuen bere burua hidropesia sendatzeko. Hortaz, kakan (bizitzaren kakan, desioaren kakan, sexuaren kakan...) murgiltzea ote da Sarriugartek gure arazoak konpontzeko proposatzen diguna? Hori ote bere protagonistak uneoro egiten duena?
Liburuaren egiturari dagokionez, bi zatitan banatuta dago: alde batetik istorio nagusia dugu (7 eta 140 orrialdeen artean), han-hemenka oin-oharrei dagozkien zenbakitxoak dituena. Bigarren zatia zenbakitxo horiei erreferentzia egiten dieten oin-oharrez josita dago (141 eta 173 orrialdeen artean). Azken horiek narrazio nagusia osatzen dute, informazio berria gehitzen, nobela egituratuari antinobelaren ñabardurak ematen, ahots zintzo eta –norberaren buruarekiko– ezin zorrotzagoaren bitartez. Hala eta guztiz ere, irakurlea liburuan atzera eta aurrera egitera derrigortzen dute oin-oharrek eta, batzuetan, haiei dagokien testuaren luzera handiegia denean, narrazio nagusiko haria galtzeko arriskua dago. Beraz, hautu kementsu bezain arriskutsua deritzot liburuaren osaerari.
Sarriugartek darabiltzan hizkuntzari eta hizkuntz baliabideei buruz mintzatu nahi nuke orain labur-labur. Gordinak eta zuzenak dira haren hitzak, argiak eta eufemismorik gabekoak, oso gutxitan aditzen ditugunen tankerakoak. Lepoko bateko harritxo preziatuak bailiren, esaldi luze eta konplexuen harian txertatuta daude maiz, zehatzak dira eta indar handikoak. Haatik, nago ez ote diren batzuk luzeegiak eta ez ote duten irakurlearen arreta osoa eskatzen, berorrek behar bezala ulertuko baditu.
Bidenabar, agerikoa da idazle trebeak aditz trinkoekiko (balirudike, dakuskit, ziostaten...) eta erritmo aldaketak sortzeko baliabideekiko (errepikapenak eta onomatopeiak, besteak beste) duen atxikimendua; azken horiek, idazlearen ironia eta sarkasmoarekin batera, eragin estetiko eta estilistikoa ere badute.
Gainera, elgoibartarra berritzailea da eta hizkuntzarekin jolastea du atsegin. Horrela, hitz berriak asmatzeko —edota berrasmatzeko— joera antzeman diezaiokegu: ipurtzuloratu, zakilseme, gua[i/p]enak, zurlurtuta, ogibide vs.ardobide… Eskuarki Hiztegi Batuak hobetsi euskaraz idazten badu ere, salbuespenak egon badaude, gaztelaniazko esapideetara jotzen duenean kasu: con las manos en la masa, hasta en las mejores familias…; ildo beretik, ez dira ez gutxi heterolinguismoaren adibideak: shit, making a long story (very) short, wishful thinking, angst... Horiek ingelesez eta gaztelaniaz daude batik bat, alemanez neurri apalagoan.
Beste alde batetik, esanguratsua da kontakizunak islatzen duen intertestualitate aberatsa, zinemagintzaren esparruan (D. Hopper…) nola margolaritzan (F. Kahlo…), musikan (J. Hendrix…) eta baita literaturan ere: Kerouac, Bukowski, Bradbury, Woolf, Saizarbitoria…
Saizarbitoria aipatu dudala eta, nabarmentzekoa da idazle elgoibartarra bat datorrela Donostiakoarekin zenbait gairen hautaketari dagokionean: desioa, sexua, bikote harreman korapilatsuak, maitasuna vs. maitasun eza etab.
Azkenik, Sarriugarteren lanak hausnarketa metaliterario interesgarriak plazaratzen dizkigu: zer da idaztea mozkorraldi baten erdian eragin askatzailea duen ekintza baino? Protagonistaren idazketa mutilak utzi izanaren ondorio zuzena dela aintzat hartzen badugu, ezinezkoa al da gatazkarik gabeko idazketa irudikatzea? Sormena askatasun une laburren —masturbazioa dateke horietako bat— ondorioa da?
Laburbilduz, lan honen bidez emakumezko gazte baten erraietan eta pentsakizunetan murgilaraziko du Sarriugartek irakurlea. Neurri batean, esan genezake emakume hori gure aurrean odolustuko dela eta “komuneko harraska atergabe mailukatzen dirauen ezin itxitako txorrotak” asaldatuko duela irakurlea, hasieratik amaieraraino asaldatu ere, gure gizarteari eta giza harremanei buruz hausnar dezan, galdera zahar nahiz berriei lotsarik, beldurrik gabe hel diezaien.
Patxadaz irakurtzeko liburua da hau, halabeharrezko gordintasuna eta probokazioa direla eta inor hotz utziko ez duena. Montaigne eta Frisch bezain zintzoa da elgoibartarra, gardena, zinez, bere solasa. Aitzitik, zergatik kontatu nahi dizkigu kontatzen dizkigunak? Ba al dago ezkutatzen digunik? Bat al datoz liburu honetan kontatzen direnak kontatzen ez direnekin?
Euskarazko ahots berri bat, mundua aztertzeko ikuspuntu berri bat, unibertso literario berri bat, horra hor Sarriugartek bere lehen eleberrian eskaintzen diguna. Ongi etorria bezain oparoa izan dadila bere uzta.
FITXA TEKNIKOA
Izenburua:Erraiak
Idazlea: Danele Sarriugarte
Argitaletxea:ELKAR
Argitalpen data: 2014
Orrialde kopurua: 173
Egilea: Mikel Babiano López de Sabando