Emankorra izango den bide baten hasiera baino ez da gaur EiTBko zuzendari nagusi Maite Iturbek eta Tokikom-eko presidente Urko Aristik izenpetutakoa, bi aldeen esanetan. Bi erakundeen arteko hartu emana zertan gauzatuko den zehazteko prozesu bat finkatu dute hasiera batean, pixkanaka-pixkanaka gure komunikabideetan aurki atzemango dena.
Bi aldeek oso balantze positiboa egin dute EiTBrekin lortutako akordioaz. Lehendik ere Euskadi Irratiarekin antzeko ituna sinatua zuten, eta horri esker, besteak beste, astelehenero 'Mezularia' saioaren barruan Tokikom tertulia entzun daiteke. Orain, berriz, EiTB osora zabaltzen da akordioa. Maite Iturberen aburuz, bi aldeei ekarpen aberatsa egingo die hitzarmenak: EiTBk ahots gehiago izango ditu eta, gainera, hurbiltasun hori zabaldu eta sendotu egingo du. "Tokikom-ek, halaber, babes eta euskarri izango gaitu, informazioaren alorrean batik bat", gaineratu du.
Euskarazko tokiko komunikabideen elkarteak beti defendatu izan du euskal komunikabideen etxea bi solairukoa dela, non behekoan tokikoak leudeken eta goikoan nazio mailakoak. Urko Aristik aipatu duenez, "ezinbestekoa da bi solairuen arteko igogailuak eraikitzea, eta gaur sinatutakoa horietako bat da. Handiek, kasu honetan EiTBk, zail du bazter guztietara iristea, eta horretan tokikook ezinbesteko laguntza eskaini ahal diogu, eta bestetik, txikiok handiaren babesa behar dugu egonkorrago izan nahi badugu". Akordioan agertzen denez, hasiera batean batzuen eta besteen agendak elkartrukatuko dituzte bi erakundeek, eta aurrerantzean materiala elkarbanatzeko aukeretaz arituko dira.
Elkarlan honek dagoeneko eman ditu bere lehen fruituak. Astelehenetik bertatik ETB1eko 'Azpimarra' saioan Tokikom osatzen duten komunikabide desberdinetako kideek hartzen dute parte. Hirinetek ere aipatu saioan parte hartuko du.