Gasteizko Kafe Antzokiaren aldeko plataformak adierazi bezala, Oihaneder Euskararen Etxea deituko da eta euskarazko sorkuntzarako, formaziorako eta harreman sareak trinkotzeko gunea izango da. Egitasmo berri honek kudeaketa partekatua izango du; GKAren aldeko plataformatik sortutako Lazarraga kultur elkartearen eta Gasteizko Udalaren artekoa, hain zuzen ere. Ildo horretan, urtea amaitu arteko programazioa egiten ari direla adierazi du plataformak.
Oihaneder Euskararen Etxea urriaren 15ean inauguratuko da ofizialki, eguerdian, eta hurrengo egunean, hilaren 16an, 19.30ean, ospakizun jaia egingo da.
Egitasmoaren bigarren faseak Kafe Antzokiaren eraikuntza aurreikusten du, kontzertu gunea eta ostalaritza zerbitzua eskainiko duena.