Aurtengo edizioan, erreportari grafiko profesionalentzako lehiaketa honetara 132 herrialdetako 5.754 kazetarik egindako 99.000 argazki aurkeztu dira. Eta 25 nazionalitatetako 53 argazkilarik jaso dituzte sariak. Egunotan Gasteizen izango den erakusketa 45 herrialdetako 100 hiritan izango da ikusgai urtean zehar, besteren artean munduko hiriburu nagusienetan.
Argazki-erakusketa hamar sailetan dago antolatuta: argazki irabazlea, gaur egungo gaiak, eguneroko bizimodua, gaurkotasun gaiak, gaurkotasun albisteak, jendea bere ingurunean, erretratuak, natura, kirol-ekintzak eta kirol-kronikak. Eta hainbat gai jorratzen ditu: gudak, etxeko indarkeria, antolatutako delinkuentzia, gaixotasunak gainditzea, hondamendi izugarriak, pertsonaia zein jarrera bitxiak eta naturarekin nahiz ingurumenarekin lotutako istorioak.
Irudia: John Stanmeyer
Aurtengo irabazlea John Stanmeyer estatubatuarra izan da, “Seinalea” argazkiarekin. Irudian, etorkin afrikar talde batek sakelako telefonoentzako estaldura bilatzen du, Yibutiko kostaldean. Afrikako Adarrean gauez egin zen argazkian, pertsona-multzo batek bere senideekin hitz egiteko egiten duen ahalegina jasotzen da. Iragaitzezko-gune batean daude: somaliarrak, etiopiarrak eta eritrearrak pasa ohi dira bertatik, Europara eta Ekialde Ertainera bidean, bizitza hobearen bila. Irudiko pertsonek gailuak alde batetik bestera mugitzen dituzte mugaz bestaldeko Somaliako seinale merkea hartu ahal izateko. Irudiaren sinbolismoa arlo askotakoa da, informatibotik hasi eta estetikora, ikusleari iradokitzen dizkion interpretazio anitzak barne. Stanmeyer VII Photo Agency-ren kide sortzaileetako bat da.
Erakusketa azaroaren 13ra bitartean egongo da zabalik; asteartetik igandera eta jai-egunetan, 11etatik 14etara eta 18etatik 21etara. Astelehenetan itxita.
Informazio gehiago: World Press Photo