Mendia Optikak Bai Euskarari Saria jasoko du

hirinet 2014ko urr. 2a, 02:00

Gasteizko komertzioarekin batera, Kike Amonarriz soziolinguista eta aurkezlea eta Banaiz Bagara elkartea izango dira aurtengo ziurtagiridun sarituak eta datorren urriaren 3an Bai Euskarari Ziurtagiriaren elkarteak Donostiako Basque Culinary Centerren antolatu duen ekitaldian jasoko dute Bai Euskarari Saria.

 

Mendia Optika aitzindari da Gasteizen eta bertako ugazaba Kepa Mendia sarituko du elkarteak euskara optikaren munduan barneratzeagatik eta arlo komertzialean ere euskararen alde egindako apustuagatik. Mendia gasteiztarra optikari ikasi zuen Madrilen. Bertan ikasi zuen euskaraz, eta bertan euskaltzaletu, 1969tik 73ra. Gasteizko seminarioan Euskal Filologia abiatu zuteneko garaia zen eta ikasketa haiek ere burutu zituen, Koldo Mitxelena, Rikardo Zierbide eta beste zituela irakasle. Ondoren hasi zen optikari lanean, hogeita hamabi urte zituela.

Lanean hasi orduko ekin zion Kepa Mendiak publizitatea euskaraz egiteari. Bera zen itzultzaile, bera asmatzaile, laguntzaileak izan bazituen ere. Merkataritzan ere euskaraz abiatu zen, bakarlari orduan. Egun, lanean segitzen du, euskararen alde Mendia Optikatik, hizkuntzaren errentagarritasuna aldarri.

 

Kike Amonarrizi naturaltasunez milaka lagun euskarara gerturatzen egindako lana eskertuko zaio Bai Euskarari Laguna sariarekin. Soziolinguista, umorista eta telebista-aurkezlea da eta oso ezaguna da euskaldunon artean, batez ere euskal telebistan jardun duelako aktore, gidoilari edota aurkezle lanetan, esaterako, Hitz eta Pitz, Txiskola, Mihiluze eta Tribuaren Berbak programetan. Azken saio honekin Gasteiz ere bisitatu zuen, non hemengo euskara eta euskaldunak izan ziren protagonistak.  

 

Azkenik, Banaiz Bagara elkartea sarituko da, alor sozioekonomikoaren bidez, etorkinak euskarara gerturatzeko egiten duten lanagatik. Banaiz bagara elkartea 2009an hasi zen lanean Hernanin, beste herrialdeetatik datozenei euskara eta euskal kultura ezagutarazteko asmoarekin. Hala ere, elkarteak oinarrizko komunikaziorako erabiltzen duen metodo berritzaile eta malgua ez da etorkinetara soilik mugatzen, arrazoi ezberdinen ondorioz euskara ez dakiten guztientzat baita erakargarria.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago