Baina ez: ez ditugu merezi alderdi-bikeria latz burlati honen ondorio etsigarriak, eta ez ditugu merezi matxismoarenak. Beharbada, langile ‘baboa’ eta emakume matxista hutsalki eta alferrik kritikatu beharrean (hots, purrustada huska ibili beharrean), hobe litzateke geure buruari gogoraraztea zergatik bihurtzen diren langilea eta emakumea beren zapaltzaileen aldeztaile. Zergatik jasotzen ote ditu langileen botoak, bada, lan- eta giza eskubideak erauzi eta irentsi nahian ari den alderdi horrek? Zergatik ezkutatzen dira emakumeak urtero Hondarribiko plastiko beltz laidogarri horien atzean?
Florynce Kennedy abokatu eta aktibista estatubatuarrak “etsaikeria horizontala” deitu zion fenomeno horri, eta erantsi zuen zapalduak espezialistak direla horretan: zapaltzaileei aurre egin ezin-eta, elkar ostikatzen dute zapalduek. Badakigu arrain handiarena eta txikiarena, baina, batzuetan, ahaztu egiten zaigu, antza, txikia ere beste txikiak jan zalea dela oso. Eta boteretsuak, bitartean, eskuak igurtzi; botere-mekanismo zahar, disimulatu eta orobat eraginkorrenetakoa baita mendekoek elkar itotzea.
Egungo egoera tamalgarri hau merezi dugula esatea ulergarria da hein batean (etsita eta haserre gaudenez gero), baina ez da komeni pareta berari burukadaka segitzea.
Behingoagatik, zergatik ez ospatu.
Begiak itxi gabe (asko baitugu oraindik egiteko), baina ospa dezagun, oraingoan aukera dugunez gero, herritarren eta, bereziki, mugimendu feministen bultzadari eta temari esker bertan behera gelditu dela abortuaren lege-astakeria; ospa dezagun Aita Gure izan nahi zuen ministro jaun horren porrota.
Hori bai, hori merezi dugu eta.