Radio Vitoriak 80 urte

hirinet 2014ko ira. 30a, 02:00

1934ko irailaren 30ean Radio Vitoriako lehenengo hotsak uhinetan zehar barreiatu ziren.

 

Ordutik, 80 urte igaro dira eta Gasteizko irrati entzunenetarikoa izaten jarraitzen du. Francisco Peña Hernandez doktorea izan zen proiektu hura abian jarri zuena. Peñak irrati-telefonia gustuko zuen eta zaletasun horrek bultzaturik Arabako lehen irratia sortu zuen, Radio Vitoria. Dagoeneko desagertu den “Nuevo teatro” zelakoa izan zen lehenengo emisioaren lekuko eta Mariano San Miguelen Zeledon kalejira ezagunak girotu zuen efemeridea. Doinu egokia dirudienez, izan ere, hurrengo 50 urteetan zehar hura irratiko sintonia nagusia izan zen. Abentura hasia zegoen...

 

Radio Vitoriaren historia Prudencio Maria Berastegi kaleko estudioetan hasi zen idazten. Bertan, Arabako lehengo kazetari eta teknikariak kultura, kirola, nekazaritza edo haurren inguruko programazioa eskaintzen hasi ziren, besteak beste.

194.7 urtean Gasteizko Aurrezki Kutxak irratia erosi eta kalitatearen mesedetan, hiru urteren buruan estudioak Olagibel kalera lekualdatuak izan ziren. Hauek aski ederrak omen ziren “bonboi-kaxa” izenez ezagutuak baitziren. Dena den, hobekuntzak ez ziren soilik estetikoak izan, garai hartan ospe handiko programak jaiotzen hasi baitziren. Horien artean Gasteiz izeneko saioak aipu berezia merezi du, izan ere, bertan Arabako gertakari herrikoienei heltzen zitzaien, Gasteiztar zahar baten kondairak edo Miñoi potoloaren istorioak bezalako tarteak eskainiz. Honez gain, ezin ahaztu,  Club de amigos saio mitikoaren aitzindaria, De oyente a oyente, zeinairratiko bazkideak elkar agurtzeko xedez abiatu zen.

1954. urtean, Radio Vitoria SER katearekin elkarlanean hasi zen, horrek programazioaren aberastasuna suposatu zuelarik, baita emisioen ordutegiaren luzapena ere. Denborak aurrera egin ahala,  irratiaren beharrak gizartearekin batera eraldatzen zihoazen eta horrek Postas pasagunean kokatu arazi zuen Radio Vitoriako egoitza berria 1980an. Handik bi urtera, lehengo urratsak ematen hasia zen Euskal Irrati Telebista egitasmoarekin, EITBrekin, bat egin zuen Radio Vitoriak. Ondoren etorritako urteak oparotasunez beterikoak izan ziren, zeintzuetan Radio Vitoria Arabako jaietan bete betean murgiltzen hasi zen. Horrela, San Prudentzioko maratoia, Andra Mari zuriko jaiak, Olarizu eguna, herrietako jaiak... uhinetako protagonista izaten hasi ziren.  

1984. urtean José Ramón Díez Unzueta irratiko zuzendari izendatua izan zen. Berak uztartu zituen Radio Vitoria S.A. eta Eusko Irratia S.A., SER katetik behin betiko bereiziz. Geroztik, programak ugarituz eta eraldatuz joan dira eta kazetari eta teknikari andanak osotu du Radio Vitoriako mamia. Ia denetarik egin izan dute urtetan  irratian lanean dabiltzan esatariek. Gaur egun, Arabako unibertsitate kanpuseko ikasle eta irakasleak ditu auzokide Radio Vitoriak, Domingo Martinez de Aragon kaleko estudio digitalizatuak baititu egoitza.

 

Euskara uhinen lagun

Radio Vitoriako programazioaren gehiengoa erdarazkoa da. Euskarak  Gure musika,  Eusko Ikaskuntza, GEU elkarteak ekoizten duen HirinetFM, Errota edo Bebarruan saioetan bereganatzen du protagonismoa gaur egun. 80 urte hauetan zehar euskara oinarri izan duten programen artean,1964an jaio eta 28 urtez antenan egon zen Euskal Jaia saioa dago. Bertan, Jose Maria Sedanok Euskal Herriko musika talde eta kantariei egiten zien leku. Garaiko testuinguruan, frankismoaren menpeko euskal gizartean, gaizki ikusitako ekimena zen hura, eta askotan, Sedano klandestinoki zihoan mugaren bestaldera diskoak eskuratzeko. Honez gain, entzuleria euskalduntzeko xedez, euskarazko klaseak ere eman izan ditu Radio Vitoriak. 1985. urtean, haurrentzako irratsaio euskaldunen artean klasiko bat izatera heldu den Maritxu berritsu sortu zuen Jeni Prieto kazetariak.

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago