Trebiñu Araba dela aldarrikatu dute berriro ere trebiñutarrek

hirinet 2014ko ira. 29a, 02:00

‘Trebiñu Araba da” herri mugimenduak menpekotasun administratiboak dakartzan ondorioak salatu zituen larunbatean egindako agerraldian.

 

Horretarako, Burgosko administrazioaren menpe egoteagatik pairatu behar dituzten egoeren berri eman zuen eta bereziki, osasuna, hezkuntza eta zerbitzuei lotutako kasu zehatzak azaldu zituzten.

"Trebiñun bizi garenok, soziologikoki, Arabakoak gara eta arabarrak sentitzen gara”, gogoratu zuten. “Zilegitasuna gure alde dago. Izan ere, legitimitate demokratikoak eskatzen du Espainiako Parlamentuak, bere eskumenak baliatzen dituenean, Trebiñuko jendeak adierazitako borondatea betetzea, behin eta berriz eta argiro adierazi dugu gure borondatea”, azaldu zuen mugimenduak.

 

Izan ere, hurrengo egunetan Espainiako Diputatuen kongresuan Trebiñu Araban integratzeko abian dagoen ekimena eztabaidatuko da. Joan den otsailaren 6an Eusko Legebiltzarrak probintzia mugak aldatzeko ekinaldi legegilea onartu zuen, urte bete lehenago Trebiñuko eta Argantzungo udalbatzek gehiengo osoz onartutako eskaerei bide emanez. Horrela, Trebiñuko biztanleen borondatea Gorteetara eramango da lehen aldiz. Erabaki honek aurrera egin zuen EAJ, EH Bildu eta PSEren babesarekin, PPren eta UPDren abstentzioarekin. Larunbateko prentsaurrekoan, diputatuei martxan den ekimenari “baiezko bozka ematea” eskatu zien ‘Trebiñu Araba da’ herri mugimenduak.

 

Iturria: Berria

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago