Alde Zaharreko Victofer saltokiak 2014ko Merkataritza Saria irabazi du

hirinet 2014ko ira. 25a, 02:00

Eusko Jaurlaritzak 2014ko Merkataritza Sarien irabazleak hautatu ditu eta horien artean, Alde Zaharreko saltokirik ezagunenetarikoa aurkitzen da, Aiztogile kaleko Victofer artisau-kontzerbak denda.

 

Konkretuki, Ibilbide Profesionalaren saria eskuratu du 1922az Gasteizko muinoan kokatutako saltokiaren jabe Victor Fernández Amatriainek. Hasiera batean, baratzeko produktuak saltzen zituen. Gero, kontserbak ere saltzeari ekin zion, baina izaera tradizionalari muzin egin gabe, eta tokiko produktuen salmentan oinarrituta. Eusko Jaurlaritzak azaldu bezala, “Victoferrek merezi du 2014ko Ibilbide profesionalaren saria, ia mende bat bete duelako jatorrizko asmoari uko egin gabe; alegia, tokiko produktuak saltzea. Joan dira urteak, aldatu dira belaunaldiak eta izan ditu zailtasunak, baina bezeroek, –tartean, jatetxe asko– estimu handitan dute salgaien kalitatearengatik”.

Gaur egun, merkatari-familia honen hirugarren belaunaldiak kudeatzen du negozioa.

 

Gasteiztarrarekin batera, Mercedes de Miguel diseinatzailea (Enpresa Lankidetza Eredugarriagatik), Eroski, (Berrikuntzako kategorian), eta Errenteria-Errenkoalde Merkataritza eta Ostalaritza Elkartea (Hiriguneak Dinamizatzeagatik) izan dira saridunak. Iñigo Urkullu lehendakariak emango ditu sariok datorren urriaren 7an, Getariako Cristóbal Balenciaga Museoan.

 

Irudia: auzo.tv

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago